Golak: 1-0: Aguerok (19. min.); 1-1: Finnbogasonek (23. min.).
Munduko Kopak izan du bere lehen ezusteko handia. Argentinak eta Islandiak bana egin dute D multzoko lehen partidan. Argentina zen faborito garbia, eta aurkariaren atea setiatu du bigarren zati osoan, baina ezin izan du harresia bota. Penalti bat ere izan du alde, baina Lionel Messik kale egin du (63. min.). Hannes Thor Halldorsson atezainak geldiketa handia egin du.
Argentina zalantza artean iritsi zen Errusiara, eta lehen partidan susmo txarrak sakondu ditu. Ez sufritu duelako, partida kontrolpean izan duelako, baina argitasuna falta izan zaiolako erasoan. Eta hori, zailena hasi eta berehala egin duela kontuan hartuta, Aguerok 19. minutuan sartu baitu lehen gola area barruan ehizatu duen baloi batean. Golarekin Argentina pixka bat lasaitu ahal izango zela zirudien, baina Islandiak ondo baliatu du izan duen hurrengo aukera. Aukera baino, Caballero atezainaren hutsa baliatu du, hark gaizki urrundutako erdiraketa baten ondorioz sartu baitu banakoa Alfred Finnbogason Realeko jokalari ohiak (23. min.).
Argentinak 70 minutu zituen egoera konpontzeko, eta horretara jarri da. Baloia oinetan hartu, eta zirrikitu bila hasi da Islandiako atzeko lerroan. Etengabe saiatu da, baina saiakera gehienak areaz kanpotik eginiko jaurtiketak izan dira. Ekinaren ekinez, penalti bat eragin du, Magnussonek Mezari eginikoa. Epaileak adierazi du, eta Messik jaurtiki, baina atezainak geldiketa handia egin du. Halldorsson zine zuzendaria da ogibidez, bada gaur bera izan da filmeko protagonista. Argentinak erasoan jarraitu du, baina atezainarekin egin du topo.