Athleticek gaur Europako Ligan Hapoel Kiryat Israelgo taldea hartuko duela-eta klubeko zuzendaritzak Herri Norte jarraitzaile taldeari eskatu dio Israelen aurkako oihurik-eta ez dezala egin eta Palestinako banderarik ez dezala agertu, atzo El Correo egunkariak argitaratu duenez, baina Herri Nortek uko egin dio eskaerari. Athleticek BERRIAri esan dio ez dakiela ezer gaiaz.
Athleticek bere webgunean jaso du UEFAren diziplina araudiak "kirol ekitaldi baterako egokiak ez diren mezuak" igortzea debekatu egiten duela —"keinuak, hitzak, objektuak edo edozein bide"—, "batez ere mezu politikoak, laidogarriak edo probokatzaileak" badira.
Azken urteetan Euskal Herriko kirol ekitaldietan Israelen kontrako jarrera agertu izan da. Esate batera, Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldeak Gastezein jokatu izan duenean. Indar Baskonia zale taldeak eta Israeli Boikot euskal taldeak 2007ko Baskonia-Maccabi partidaren atariko prentsaurreko batean iragarri zuten ez zutela ondo hartuko Maccabi, ezta haren jarraitzaileak ere, eta "boikota" egitera deitu zuten. "Inongo euskal taldek ez luke Israelgo taldearen kontrako partidarik jokatzerik onartu beharko".
Indar Baskoniak eta Israeli Boikotek zioten ez zutela onartzen "Israel estatu sionistaren interes politikoak kirol lehiaketen bidez ezartzerik; hau da, kirolaren bidez Zuzenbide Estatu legezko, moderno, aurrerakoi eta europar itxura ematea, nazioarteko legeak bete eta giza eskubideak errespetatzen dituena".
Gogoratu zuten 2002an Maccabik Gasteizen jokatu zuenean Ertzaintzak eta Israelgo Poliziak neurri zorrotzak hartu zituztela jarraitzaileen aurka. Haien arabera, besteak beste, Palestinako zapiak eta elastikoak kendu zizkieten.
2009-2010eko denboraldian israeldar jokalari batek Baskonian jokatu zuen —Lior Eliyahuk—, eta Komite Internazionalistek hari "boikota" egiteko eskatu zuten, 2008 bukaeran eta 2009 hasieran Israelek Gazan (Palestina) egindako bonbardaketa latzaren ondoren —ia 1.500 lagun hil zituen, gehienak zibilak—, Eliyahuk eta haren talde Maccabik Israelgo armadaren aldeko kanpaina batean parte hartu zutelako.