Istanbul portugesez mintzo da

Felipe Massa brasildarrak lortu du 'pole'-a, baina titulurako lehia haren atzetik egongo da gaur

Laurentzi Garmendia
2008ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Laugarren aldiz korrituko da Turkiako Sari Nagusia Istanbul Park zirkuituan. Azken bietan Felipe Massak 'pole'-tik irten eta irabazi egin zuen. Aurtengoan ere lehen postutik ekingo dio lehiari, atzoko sailkatze proban azkarrena izan baitzen. Errenkadan hirugarren garaipena izango du xede, eta horretarako McLaren autoak atzean mantendu beharko ditu. Kimi Raikkonen, Munduko Kopako liderra laugarren izan zen.

Gidari guztiek dituzte euren zirkuitu kuttunak. Ez bakarrik gustuko dituztelako, ezta bertan oroitzapen gozoak dituztelako ere.Zirkuitu jakin batzuetan gainontzeko gidariek ez duten magia bat ageri zaielako baizik, ondo zehaztu ezin daitekeen bertute berezi bitxi bat. Gerhard Bergerrek inork baino hobeto gidatzen zuen Hockenheimen; Ayrton Sennak Monacon; Takuma Satok Suzukan...

Eta Felipe Massak, Turkian. Duela bi urte, Ferrari taldean zegoen lehen urtean, erakustaldi itzela eman zuen Schumacher handiaren aurretik, eta urte hartan alemaniarra garaipen premia larria zen, Alonsorekin lehian baitzebilen lasterketan. Hala ere, Massak amaitu zuen guztien aurretik, nahiz eta ez izan aukerarik titulurako borrokan. Hor erakutsi zuen lehen aldiz harreman berezia duela Turkiako zirkuituarekin.

Atzo beste behin erakutsi zuen zirkuitu berezia dela berarentzat, denbora onena eginez. Bere alboan Heikki Kovalainen izango du gaur, finlandiarra sasoi betean dago eta atzean utzi ditu duela hamabost egun Bartzelonan jasandako istripuaren zauriak. Massarekiko bi hamarreneko galdu zituen, eta itxuraz dezente badirudi ere, kontuan izan behar da Istanbulgoa zirkuitu oso luzea dela, eta ondorioz tarteak gehiago zabaltzen direla.

Bigarren lerroan Hamilton eta Raikkonen izango dira, txapelketako benetako oilarrak. Hamiltonek onartu zuen pneumatikoekin ez zuela asmatu, eta horregatik amaitu zuela espero baino atzerago. Zentzuzko arrazoia da, pneumatikoen tenperaturak oso aldakor aritu baitira asteburu osoan. Orain arte Turkiako Sari Nagusia abuztuan jokatzen zen, eta aurtenaurreratu egin dute. Ondorioz Bridgestonek ez du zirkuitu horretan tenperatura baxuagoetan esperientziarik, eta ezta taldeek ere.

Harrigarriagoa da Raikkonenen laugarren postua, eta dagoeneko agerikoa da ez dela onenetakoa itzuli bakarrean . Lasterketan oso erritmo ona darama, eta askotan Massak baino erregai gehiago daramalako azaldu daiteke sailkatzeetan finlandiarrak brasildarrarekiko izan ohi duen atzerapena. Baina atzo hiru hamarreneko izan ziren, eta tarteak zein estu dauden ikusita, Raikkonenek finago ibili behar du. Tarte pixka bat utziz gero, atzo ederki ikusi zuen nola sartu ziren bi McLaren-ak bere eta Massaren artean. Litekeena da astunago joatea, baina laugarren tokitik irtenda, garaipena zail dauka. Turkian korritu den guztietan, 'pole'-tik irten denak irabazi du.

Azkenik, arriskua benetakoa zela ikusi da eta Super Aguri-Honda Japoniako taldea desagertu egin da. Bi urte eskas egin ditu 1 Formulan, eta Takuma Sato izan da taldearen ardatza hasieratik. Ez dira gai izan babesle sendorik lortzeko, eta Honda etxea dirua zulo beltzera zihoala ikusteaz nekatu da. Azken unean talde alemaniar bat azaldu zen laguntzeko asmoz, baina Hondako arduradunek atzera bota dute, serioa ez zelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.