Amaitu da lehen fasea A multzoko taldeentzat, eta argitu da zein bi taldek jokatuko dituzten ziur Eurokopako final zortzirenak: aurretik sailkatuta zegoen Italiak eta Galesek. Aurrez aurre izan dira bi talde horiek gaur, eta multzoko lehen sailkatuak eskuratu ditu hiru puntuak (1-0). Galesi, ordea, balio izan dio emaitza horrek, Suitzak ez baitizkio behar adina gol sartu Turkiari (3-1 irabazi du).
Ziurrena da Suitza ere sailkatzea final zortzirenetarako. Sei multzoetako lau hirugarren sailkatu onenek ere eskuratuko dute sari hori, eta egoera onean dira suitzarrak: lau puntu dituzte, Galesen berdinak.
Neurketei dagokienez, Italiak irudi oso sendoa erakutsi du gaur ere. Neurketa ofizialetan 1.000 minutu doaz golik jaso gabe. Gaur aldaketa asko egin ditu Mancinik, baina ustezko zortzi ordezko jokalarirekin ere irudi bikaina eman du taldeak. Garaipenaren gola Pessinak sartu 39. minutuan.
Beste neurketa izarra Shaqiri izan da. Markagailua azkar ireki du Suitzak: Seferovic Realeko jokalari ohiak sartu du gola seigarren minutuan. Hogei minutu geroago sartu du Shaqirik bere lehenengoa. Hala heldu dira atsedenaldira. Bigarren zatian gerturatu da Turkia (Kahveci, 64'), baina berriz ere Shaqirik handitu du aldea, bost minutu geroago.