Zehaztu dira Eurokopako finalerdiak: asteazkenean Portugal-Espainia jokatuko da, eta ostegunean Alemania-Italia. Txapelketako lau talde onenek egin dute aurrera.
Italia izan da azkena sailkatzen. Ingalaterraren eta bien arteko final-laurdena, luzapena eta guzti jokatuta, hutsean bukatu da —txapelketako lehen 0-0—, eta penaltietan egin du aurrera Italiak. Ingelesek bi penalti huts egin dituzte —bat Buffonek geratu du—, italiarrek bat.
Merezita sailkatu da, gehiago izan baita. Ingalaterrak zelai erdirik ez du, eta baloia italiarrek izan dute; gehiago zehaztuz, pilota Pirlok izan du. Maisuki aritu da berriro, taldea ongi mugituz.
Ez du, bestela, Italiak gauza handirik erdialdean, eta Cassano eta Balotelli aurrelariei ez zaie baloia baldintza onetan heldu. Area kanpotik, 20-25 metrotik jaurtitzen aritu dira maiz —De Rossik jaurtiketa bat zutoinera bidali du, hasieran—. Area barruko okasioak pare bat baino ez dituzte izan —Nocerinok eta Diamantik, bukaera aldera—. Ingalaterrak aukera on bakarra izan du —Johnsonek, hasieran—.
Final-laurdenak
- Txekia-Portugal: 0-1.
- Espainia-Frantzia: 2-0.
- Alemania-Grezia: 4-2.
- Italia-Ingalaterra: 0-0. Italia aurrera, penaltietan.
Finalerdiak
- Asteazkenean: Portugal-Espainia.
- Ostegunean: Alemania-Italia.
Finala
- Igandean (uztailak 1), Kieven.
Partida denak Euskal Herriko 20:45ean.