laburrak, esanak, datuak

Italia hiru aurrelarirekin?

2010eko ekainaren 23a
09:22
Entzun
LABURRAK

- Italia hiru aurrelarirekin? Marcelo Lippi Italiako hautatzailea bihar (16:00) Eslovakiaren aurka hasieratik hiru aurrelari ateratzea pentsatzen ari da, badaezpada garaipena behar dutelako. Alberto Gilardino eta Vicenzo Iaquintarekin batera, Giampaolo Pazzini jarriko luke titular. Italia kontserbadorea, beraz, hiru aurrelarirekin kasu horretan.

- Sarkozyk lehen eta Kirol ministroak hartuko ditu. Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidenteak François Fillon lehen ministroa eta Roselyne Bachelot Kirol ministroa hartuko ditu orduotan, herrialdeko selekzioaren porrotaz hitz egiteko -ez da sailkatu final-zortzirenetara-. Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, "neurriak" hartuko dituzte. Taldea bihar helduko da Frantziara, eta Sarkozy Thierry Henry kapitainarekin batzartuko da.

- Baloi bat margotzeagatik isuna eta kartzela? FIFAk Port Elizabeth-eko (Hegoafrika) jatetxe bateko jabeari isuna jarriko dion mehatxua egin dio, jatetxeko leiho batean duela hamar hilabetetik daukan baloi bat '2010' jarrita margotzeagatik. FIFAko publizitate arauak hautsi izana egotzi dio eta, '2010' hori ez badu kentzen, egunero 1.500 euroko isuna eta urtebeteko kartzela izan ditzakeela ohartarazi dio.

ESANAK

- Diego Milito (Argentinako jokalaria). "Normala da gure izatea besteentzat faborito".

- Lionel Messi (Argentinako jokalaria). "Epaileak joko zikina babestu zuen".

- Sani Kaita (Nigeriako jokalaria). "Hilko nautela esanez mehatxuak jaso ditut mezu elektronikoz. Baina ez nago beldurtuta. Izan ere, musulmanontzat Alak erabakitzen du nor hilko den eta nor biziko den".

- Chris Killen (Zeelanda Berriko jokalaria). "Bi berdinketa lortu ditugu eta hori guretzat historia pixka bat egitea da. Jendeak dagoeneko ezin du gutaz barre egin".

- Gianluca Zambrotta (Italiako jokalaria). "Askotan egon gara honelako egoeratan [lehen fasean kanpo geratzear]".

- Frank Lampard (Ingalaterrako jokalaria). "Ez dago hausturarik entrenatzaileen eta jokalarien artean".

DATUAK

- 456.423 turista lehen egunetan. Hegoafrikako agintariek jakinarazi dutenez, ekainaren 1etik 13ra bitartean 456.423 turista sartu ziren herrialdean Munduko Koparen aitzakian.

- 250.000 lagun pasa Seulgo kaleetara ospatzera. Hego Koreak final-zortzirenetarako sailkapena lortu zuela-eta atzo 268.000 lagun atera ziren Seulgo kaleetara ospatzera. 2002ko mundialean salbu -orduan Japoniak eta biek antolatu zuten-, lehen fasea behin ere gainditu gabe zegoen Hego Korea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.