Miarritzek zailtasunak izan ditu aste osoan larunbatean Italian jasotako porrotaren bestondoa ematzeko. Ezuste handia izan zen, joan zen astean Viadana eta Parma batu dituen Aironi taldearen zelaian galtzea (28-27). Bidea okertu zaio, horrenbestez, Heineken kopako final-laurdenak jokatzeko eta, batez ere, partida hori Anoetan jokatzeko.
Oraindik zail zitzaion Agilerako taldeari porrotaren arrazoiak bilatzea asteazkeneko lan saioan.«Denak gara arduradun. Agian nahigabe guk ere ez genien jokalariei partidaren arriskua helarazi, eta azkenean gertatu zena gertatu zen», zioen Jean Mixel Gonzalez Miarritzeko entrenatzaileak. Jokalariengan ere, ahozapore garratza utzi du porrotak. «Geure buruari errespetua faltatu diogu, eta zaleei ere bai», esan du Dimitri Yachvilik. Miarritzek oraindik buruan du porrota, eta batez ere, irabazi beharreko partida galtzeak uzten duen frustrazioa bizirik dago. «Partida hasieran oso fite sartu genituen bi entsegu, eta ondorioz horrekin lasaitu ginen», azaldu du Laurent Rodriguez kirol zuzendariak.
Hala ere, oraindik egoera ez da larria. Xuri-gorriek multzoko lehen postuan jarraitzen dute, bi puntu gehigarri lortu zituztelako Italian: lehena lau entsegu sartzeagatik, eta bestea zazpi puntu baino alde txikiagoaz galtzeagatik. Miarriztarrak multzoko buru dira, 11 punturekin, baina Irlandako Ulster hurbildu zaie, bederatzi punturekin.
Egutegiari behako bat ematean, erabakigarria izanen da azken jardunaldian Irlandako taldearen aurka jokatu beharreko partida. Gauzak on bidean, han erabakiko da multzoko lehen postua eta, beraz, final-laurdenetara pasatzea.
Baina horiek geroko kontuak dira, eta, lehenik, gauzak zuzendu beharko ditu Miarritzek etxean. Joan zen asteko aurkaria izanen du parean aldi honetan ere: Aironi. Sartutako arantza berehalakoan kentzeko aukera izanen du Miarritzek. Joan zen astean bezala, partida erasoko puntu gehigarriarekin irabaztea da helburua. «Joan zen astean helburua betetzeko ez genuen behar zena egin. Aldi honetan ez da horrela izanen», dio Rodriguezek.
Erasoko puntu gehigarria nahi
Joan zen asteko porrota ikusiz, oraindik garrantzi hamdiagoa dauka gaur erasoko puntu gehigarria biltzeak. Izan ere, Aironiren aurkakoa atzerapausoa izan bazen, helburu nagusia oraindik ez da galdua. «Final-laurdena Anoetan jokatzea oraindik posible da. Horrek izan behar du gure helburua, eta bost puntuko garaipena behar dugu», esan du Rodriguezek.
Ezusteko gutxi daude hamabostekoan. Yachvili, Thion, Traille edo Hariñordoki hasieratik ariko dira. Lehen lerroan, buruko minak jarraitzen du Gonzalezentzat. Marconnet harroin beteranoak atseden izanen du, eta lehen aldiz Watremez gaztea hasieratik ariko da. Ikusi beharko da harroin gaztea nola aritzen den.
Gainerakoan, gibelean Jack Isaacek ere egonkortasunaren alde egin du. Entrenatzaile australiarrari egiten dioten kritika da jokalariak aldatzeko duen joera, eta aldi honetan zuhur aritu da. Aldaketa bakarra, erdikoaren postuan izanen da. Bosch ariko da, Gimenezen ordez. Gibeleko lerroa, Boschez aparte, joan zen asteko bera izanen da.
MIARRITZE-AIRONI
Lehiaketa. Heineken kopako ligaxkako laugarren multzoko laugarren jardunaldia.
Miarritze. Watremez, August, Johnstone; Thion, E. Lund; M. Lund, Vahafolau, Hariñordoki (kapitaina); Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Haylet-Petty..
Aironi. Erasmus, Favaro, Liebenberg; Geldenhuys (kapitaina), Bortolami; Staibano, Ferraro, S. Perugini; Canavosio, Bocchino; Rubini, Pizarro, Pratichetti, Toniolatti; eta Laharraga.
Sailkapena. Miarritze lehena da, 11 punturekin; eta Arino, azkena, lau punturekin.
Epailea. Andrew Small (Ingalaterra).
Lekua. Agilera (12.500 ikusle).
Ordua. 19:00 (France 2).
Multzoko beste partida. Bath-Ulster (bihar, 14:30ean).
Italiako arantza kendu nahi du
Aironiri Agileran ordainekoa eman nahi dio Miarritzek gaur, eta Heineken kopako buruan sendotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu