Abuztuak 25 ditu gaur. Hila bukatzeko sei egun falta, eta iraila hortxe, zain. Arraun munduan, hilik desiratuena da iraila. Kon- txako bandera izaten dute jokoan arraunlariek. Askoren burua horretara jarria dabil. San Miguel ligak indarra galtzen du sasoi honetan. Gainera, sailkapenari begiratzen bazaio, nahikoa argitu ziren kontuak joan zen asteburuan, Zarautzen. Hori dena kontuan hartuta, bada nahikoa arrazoi pentsatzeko asteburu hau ez dela izango oso erakargarria.
Baina itsasoak ezetz esan du. Eguraldiak ere, beste horrenbeste. Ligari falta zaion zirrara naturak ekarriko du gaur. Castron da hamabosgarren estropada (18:00), eta iragarpenari begira- tzea izutu aurreko unea da. Haize boladak eta bi metroren bueltako olatuak. Brazomar izeneko eremuan ariko dira arraunlariak, eta izenari izana jarriz,itsasoaren besoetan jardun beharko dute.
Halako baldintzak betez gero, joan zen asteburuan ziurtzat jo ziren kontuak ezbaian egon daitezke. Itsasoa beti izaten da legea: kendu eta eman egiten du. Gaur, inoiz baino gehiago. Galderen bidez, ziurtasunak zalantzan jartzen hasita: zergatik ez dio Hondarribiak Kaikuri 11 punturen aldea dezente murriztuko? Portugaletek joko al du kolpea, hainbeste desiratzen duen zortzigarren postua hartuz eta lotuz? Edo Zumaiak baliatuko al du egoera Pedreñari bederatzi puntutik batzuk jateko, eta kanporaketaren lehia pizteko berriz? Horra galdera batzuk. Joan zen igandean, bazkaltzeko orduan, erantzunak argi samarrak ziren: Kaikuk irabazia du liga; Portugaletek asko egin beharko du zortzigarren lekuan sartzeko; eta Zumaia hasita zegoen jaitsierako kanporaketan pentsatzen. Gaur, orain-oraingoz, eta eguraldiak iragarpena zapuzten ez badu, erantzun ziur horiek ez dira hain ziurrak.
Zergatik ez dio Tiranek Urdaibairi zazpi punturen aldea jango, hirugarren postuaren jabe egiteko? Edo San Pedrok, akaso, Tiran bera jan dezake, hamar puntuatzetik egonagatik. Edo San Juanek ere bizilaguna harrapatzeko aukera eduki dezake, edo Astillerok Castro, edo Pedreñak Portugalete. Sailkapena bera ere itsasoaren besoetan egongo da gaur. Akaso, beste bat zeharo ezberdina egongo da ikusgai estropada amaitzen denean. Baldintzak hain txarrak badira, ziur nonbait izango dela aldaketa handiren bat.
Txanda denak, erakargarriak
Itsasoaren balizko egoera horrek erakargarri egiten ditu gaurko txanda guztiak. Aurrenekoan, ligako lau azkenak lehiatuko dira: Zierbena, Zumaia, Pedreña eta Portugalete. Zierbenak zeresana eman zuen aurreko asteburuan, egundoko gorakada izan zuelako. Bide berari eusten dion ala bi eguneko ernealdia izan zen gaur ikusiko da. Zumaiarrek azkeneko aukera dute Pedreñarekin duten aldea txikitzeko, kontuan izanik bihar Portugaleten edozer gerta daitekeela, kaleen arteko aldea izugarria izango delako. Gaur eta bihar zortea aldeko izanez gero... Portugaletek ere asko du jokoan. Nola edo hala egon nahi du ligako azkeneko estropadan, herrikoan, eta horretarako, asteburu hau bukatzean, lehen zortzi sailkatuen artean egon behar du.
Bigarren txandan, lehia handia dago San Pedroren eta San Juanen artean, eta Astillerok ere gertu du Castro. Azkenik, hirugarren txandan, ligako oilarrak ariko dira: Tiran, Urdaibai, Hondarribia eta Kaiku. Gauzak normal joanda, Kaiku da faboritoa, baina edozer gerta daiteke, eta ez baztertu beste hirurak.
Itsasoaren besoetan
Gaur da San Miguel ligako hamabosgarren estropada, Castron, eta itsaso txarra dago iragarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu