Osteguna. Abuztuak 2. 20:10. Zumaiako Arraun Elkartearen egoitzaren kanpoaldean, trainerua bizkarrean daramate Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariek. Arraunak zain dituzte pantalanean, lehendik eramanda. Uretan jarri dute ontzia, gozo eta leun. Bakoitzak bere arrauna hartu, eta tostetan jar- tzen hasi dira. Entrenamendua hastera doa.
Bost minutu geroago, ontzi txiki motordunean, bi entrenatzaileak, kazetaria eta argazkilaria jarri zaizkio alboan traineruari. Hamahiru arraunlariak eta patroia gogotsu daude, lanari ekiteko gogoz. Arraun kolpeak ematen hasi dira Gipuzkoako ligan eta Euskotren ligan lehen postuan dauden arraunlariak. Berotzeko garaia da. Urola ibaian behera, ez darabilte arraun egiteko era ohikoa. Kike Manterola arduradun teknikoa gainean dute une oro, eta beroketan ere teknika ondo lantzeko agindu die. Nagore Osoro patroia ere zeregin bertsuan dabil. Badoa ontzia itsasora gerturatzen. Ibaiko barealdiak bukatzear daude. Urak garaiera hartu du, hazi egin balitz bezala. Itsasoa dago begien aurrean. Txarra, gainera. Nahasia. Argazkilariak galdera entrenatzaileari: «Txarra al dago?». Manterolak azkar eran- tzun: «Saiatuko gara ateratzen».
Handik pare bat minutura,itsasoan dira arraunlariak eta entrenatzaileen ontzi motorduna. Orain, arraun egiteko modua ohikoa da, baina beroketaren barruan segitzen du eguneko lanak. Itsasoan gero eta barrurago doa trainerua, olatuei desafio eginez, brankaz kolpeak ematen naturari. Entrenatzaileen ontzia traineruaren albo batetik bestera dabil, baborretik estriborrera, estriborretik baborrera. Denbora pixka bat egoten da albo batean, eta gero, bestera joaten da. «Ni nagoen aldekoei begiratzen diet, gauzak zuzentzeko edota animoak emateko», azaldu du Manterolak. «Ondarru, zaindu arraunlariak!», bota du segituan, patroiari agindua emanez. Beroketa amaitu da.
Saioaren zati nagusiari heldu aurreko unea da. Geldirik da trainerua, itsasoaren magalean kulunka, gora eta behera. Joan eta joan, herriko barra muturretik asko aldendu da ontzia, eta Osoro patroiak bere herria ikusi du begien aurrean: «Munduko herririk politena da Ondarroa!», bota du, denak ezustean harrapatuz.
Lan nagusiari ekin diote orain. Brankaz segitzen du ontziak, eta bizi doa, olatuekin mutur-joka, elkarri zeinek handiagoa emango. Traineruak bote handiren bat ere eman du aurrealdean, olatua azpian dabilen bitartean. Manterolaren oihuak ozenagoak dira orain, eta sarriagoak. Zuzendu eta zuzendu ari da. Horixe du bere lana. Bizitasunetik errekuperazio lanera ez dago tarte handia, eta, une horietan, animoak banatzen ditu entrenatzaileak, zuzenketak ahaztu gabe, eta ondo eginikoak ere nabarmenduz, jakina.
Lan handia ari dira egiten arraunlariak, eta itsasoak ez die laguntzen arraunean gozatzen. Errekuperazioko tarteetan, hitz gutxi edo hitzik ez da beraien artean. Segituan datorkie bizialdia berriz. Kontzentrazioa erabatekoa dute, estropadan baleude bezala. Lehiaketa ekarri die gogora Manterolak halako batean, motibazioa indartzeko arraunlariei: «Etzi [gaur] zaplada eman behar dugu, ez ahaztu hori!». Brankaz segitzen du traineruak, baina ziaboga emateko unea dela iritsita, agindu hori eman dio Manterolak Osoro patroiari. Poparean jarduteko unea da. Olatuak etsai izatetik lagun izatera igaroko dira orain.
Erosoago doaz arraunlariak. Olatuak hartzen dituzten momentuan, bizitu egiten du abiadura traineruak, baita bogalarien kontzentrazioa biderkatu ere. Estropadan balira bezala segitzen dute. Aurreko moldean darraite, bizi eta errekuperazioa uztartuz. Lehen hitz gutxi bazen, orain gutxiago. Lana pilatzen ari zaie. Zumaiako barra muturra ikusi egiten du patroiak orain. Gertuago dago lanaren amaiera, baina bada zer eginik oraindik.
Bien bitartean, entrenatzaileen ontzian, solaserako astia er bada tarteka: aurkariak, ziabogak nola entrenatzen dituzten...
Nahikoa gustura da Manterola arraunlariak egiten ari diren lanarekin. Itsasoak haserre segi- tzen du, lehengoan. Popareko lana hobeto baliatzeko, patroiari agindu dio olatuaren norabide berean jartzeko trainerua. Biziago doa ontzia, olatuen lagun eginda. Berriz ere gora animoak. Ia-ia, konturatu ere egin gabe, itsasoratu den lekuan da ontzia. Olatuek jo egiten dute barra, aparra eta zipriztina edonora zabalduz. Trainerua zabaldu egin da barraren barrura sartu eta ibaia laztantzeko. Entrenamenduaren zati nagusia bukatu da.
«24 ehunen hemen daude!»
Urola ibaian sartu orduko, geratu egin da. Atseden hartzeko unea da. Baina ez da luzea izango. «Pare bat irteera egingo ditugu, txanpan», esan du Manterolak. Bai ondo egin ere, bizi-bizi, entrenatzaileak agindu baino azkarrago: «Ondo neskak, ondo! Bizitasun hau da 24 ehuneneko aldea!», egin du oihu patroiak, joan zen larunbatean alde txiki horrekin irabazi izana gogoratuz.
21:25. Bukatu da. Trainerua jasotzen ari dira arraunlariak. Bizkarrean dakarte berriz Junek, Leirek, Atseginek, Oihanak, Itsasok, Olatzek, beste Olatzek, Ain- tzanek, Mirarik, Izaskunek, Amaiak, Nataliak eta Libanak.
Itsasoa gertu bezain urrun dute orain. Gorde ditu halako saio batean izaten diren sekretuak, teknikaren ingurukoak eta. Indarrak berritu, eta hurrengo egunetan berriz ikusiko dute elkar arraunlariak eta itsasoak, solasean segitzeko.
Itsasoari sekretuak kontatzen
Zumaia Salegi jatetxearen osteguneko entrenamendua bertatik bertara bizi ahal izan zuen BERRIAk, traineruaren alboan joanda. Saio horrek emandakoaren kontakizuna da ondoren datorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu