Itsutu barik

Lesioek Athleticen hamaikakoa baldintzatuko dute, gaur, Espanyolen aurka, Kopako itzulikoan

haritz gallastegi
2008ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun


Lesioek Athleticen hamaikakoa baldintzatuko dute, gaur, Espanyolen aurka, Kopako itzulikoan
haritz gallastegi

Bilbo

Zirt edo zart. Gaur ez dago espekulatzeko aukerarik. Athleticek Espainiako Kopako final-laurdenetarako txartela izango du jokoan gaur, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Lluis Companys estadioan. 90 minutuan erabakiko da nork egiten duen aurrera. Athleticek «ilusio» handia izan arren, Espanyol da aurrera egiteko hautagai nagusia. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak ia gauza guztiak ditu alde hurrengo kanporaketarako sailkatzeko. Orain arte Athletic baino talde hobea dela erakutsi du. Sasoia hasi zenetik joko alaia eta erasokorraren aldeko apustua egin dute kataluniarrek. Taldea osatzen duten jokalarien ezaugarriak aintzat hartuz gero, egokien egin zezakeen jokoa egiten ahalegindu da Espanyol. Joko onak puntu asko irabazteko aukera eman dio, eta puntuek konfiantza eman diote taldeari. Eta konfiantza izatea oso garrantzitsua da ongi jokatzen ez denean puntuak eskuratzeko.

Sasoi onean egotea ezinbestekoa da, edozein erronkaren aurrean baikor izateko. Taldea osatzen duten futbolariak onak izatea eta jokalari horiek indartsu egotea da edozein taldek aurkez dezekeen arma nagusia. Baina Espanyolek beste hainbat faktore ditu alde. Joaneko norgehiagokan eskuratutako emaitza alde dauka (1-1). Etxetik kanpo gol bat sartuta berdintzea emaitza ona da Kopan. Beraz, Tamudok eta enparauek joaneko partidako emaitzarekin jokatzeko aukera izan dezakete. Besteak egiten duenari begira egotea arriskutsua izan daiteke, baina Athleticek golak sartzeko dituen arazoak aintzat hartuta, ez litzateke harritzekoa izango aurkariak aurreko partidako emaitzarekin jokatzea.

Bestalde, ez da ahaztea komeni Espanyol dela etxean jokatzen duen taldea. Egun, zaleen aurrean jokatzeak ez du duela urte batzuk zuen garrantzia. Gauza asko aldatu dira: jokalariek hobeto egiten diote aurre presioari, epaileak ere lehen baino gutxiago kikiltzen dira, eta ezin da ukatu Lluis Companys estadioa ez dela San Mames. Hala ere, beti da hobea etxean jokatzea kanpoan baino.

Beraz, Espanyol faborito gisa zelairatzea normala da. Futbola gertutik jarraitzen duten ia guztientzat da faboritoa. Sailkatzeko hautagai nagusia izateak ez du esan gura aurrera egingo duenik, ordea. Kataluniarrak ez dira garaiezinak. Futbolean ezusteko handiagoak ikusiko ziren.

Athleticek Espanyol kanporatzea ez da utopia. Zorionez. Eta futbolean gizaseme bakoitzak bere iritzia duenez, guztiek ere ez dute Espanyol faborito ikusten. Zorionez. Joaquin Caparrosek, esaterako, parekatua ikusten du bai patida eta baita kanporaketa ere. «Kopa gustuko dugu. Kanporaketa berdinduta dago; neurketa ona jokatuz gero, edozer gerta daiteke», adierazi zuen atzo Lezamako prentsa aretoan. Esaten duena sinetsi edo ez, entrenatzaile batek esan behar duena esan zuen Utrerakoak (Espainia). Talde bateko kideek konfiantza izan behar dute euren buruarengan. Eta horretarako ezinbesteakoa da taldeko entrenazailearen laguntza. Futbolean nola jokatu behar den erakusteaz gain, aldagelan psikologo lana ere egin behar baitu. Jokalariei baikor izaten erakutsi behar die. Gauza positiboen berri eman behar die, partida garrantzitsu baten aurrean prest egoteko. Beraz, astelehen goizetik Espanyol mendean hartzea ez dela ezinezkoa esaten ibiliko zen Caparros. Gauza guztiak ez daudela kontra, alegia. Hamazazpi partida galdu barik egon ostean, Espanyol Almeriatik esku hutsik bueltatu berri dela esango zien, besteak beste -1-0 galdu zuen Espanyolek-. Athleticek, berriz, nagusi izanda Sevillari irabazi ziola gogoratuko zien. Eta Lluis Companysen jokatutako Ligako partidan puntu bat esku-eskuan izan zutela kontuan hartzea komeni da. Gol bat sartuta, gainera.



AITOR RAMOS DEIALDIAN. Jokalari zuri-gorriak gauza horien guztien jakinaren gainean egongo dira, ziur. Era berean, gaur hasieratik ariko diren gehienak euren azken aukeraren aurrean egon daitezkeela jakin beharko lukete. Izan ere, Athleticek Espanyolen aurka zelairatuko duen taldean orain arte gutxi edo oso gutxi jokatu duten makina bat jokalari egongo baita. Eta Kopatik kanpo geratuz gero, ez dirudi euretako gehienek aurrerantzean asko jokatuko dutenik: Del Hornok, Ustaritzek, Tikok, Muñozek eta Llorentek astero Ligan jokatzen duten taldekideek adina maila badutela erakutsi gura izango dute -lesioak eta erabaki teknikoak tarteko Gabilondo, Etxeberria, Iraizoz, Orbaiz, Aduriz, Ocio, Koikili eta Javi Martinez deialditik kanpo geratu dira-. Bestalde, hasiberriek duten gosea duen jokalari bat ere badago zerrendan. Adurizen lesioak lehen taldeko ateak zabaldu dizkio Aitor Ramos aurrelari gazteari. Bermeotarrak minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuen Athleticek Milanen kontra jokatu zuen lagunartekoan, baina gaur elastiko zuri-gorriarekin lehen partida ofiziala jokatzeko aukera izan dezake. Hori gauza handia da txikitatik egun horrekin amets egin duen gazte batentzat.



«Kopa gustuko dugu. Kanporaketa berdinduta dago; eta partida ona jokatuz gero, edozer gerta daiteke»

joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.