TXIRRINDULARITZA

Iturriagaetxebarriak Italiako Prato Bike taldean korrituko du

Txirrindulari bizkaitarrak Abadiñoko Udalaren babesa izango du datorren denboraldian

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Eneritz Iturriagaetxebarria txirrindulari abadiñoarrak Italiako Prato Bike taldean korrituko du datorren denboraldian. Iturriagaetxebarria talderik gabe zegoen, eta Italiako taldearen eskaintza zerutik eroritako oparia izan da. Abadiñoko txirrindulariak, gainera, albiste on bikoitza jaso du, bere herriko Udalak diruz lagunduko baitio, berari eta Prato Bike taldeari. Hala, Abadiñoko Udalaren izena taldeko elastikoetan azalduko da datorren denboraldian.

Iturriagaetxebarria pozez gainezka zegoen atzo, oraintsu talderik ez baitzuen eta orain tropeleko talde garrantzitsuenetako batean korrituko baitu. «Oso pozik nago, albiste bikaina izan da, eta denboraldia hasteko irrikan nago. Ilusioz eta gogoz gainezka ekingo diot abentura berri honi. Asko dut eskertzeko, eta hori errepidean dudan guztia emanez ordaintzen saiatuko naiz», aitortu zuen Abadiñoko txirrindulariak. Iturriagaetxebarriaren arabera, «talde indartsua da Prato Bike. Bi txirrindulari bikain ditu taldean: Olga Zabirova errusiarra (Munduko Koparako aproposa) eta Fabiana Luperini italiarra (Italiako Girorako)».

Prato Bike taldeko txirrindulari berriak helburu garbia du aurten: Atenasko Olinpiar Jokoetan korritzea. Iturriagaetxebarriaren ustez, «orain arte bezala jarraituz gero», helburua lortuko du, eta Atenasen izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.