Gauza ziurra da Itxakok berriz ere irabaziko duela ABF Liga. Alde handiarekin dago sailkapeneko buruan, eta badirudi azken egunetan azaleraturiko arazo ekonomikoek ez dutela eraginik izan. Atzo, Sagunt hirugarren sailkatuaren pistan jokatu zuen, eta beste pauso bat eman zuen tituluaren bidean (18-33). Bera Berak ere irabazi zuen, kostata azken aurrekoaren aurka, eta hirugarren sailkatuarekiko aldea ireki zuen. Kukullagak, berriz, Alcobendasen galdu zuen (31-25).
Txapeldunen Ligatik kanporatuta, Itxakok denboraldia bukatu aurretik falta zitzaizkion partida zailenetakoa zuen atzo, eta nagusitasunez irabazi zuen. Atsedenaldirako, zortzi goleko errenta zuen. Bide batez, ligako hogeigarren garaipena lortu zuen jarraian, eta sei jardunaldi falta direnean, zazpi punturen aldea du Bera Berarekiko.
Donostiako taldeak Itxakok eginiko mesedea baliatu zuen, eta orain lau punturen aldea du Saguntekiko. Hala ere, uste baino askoz gehiago sufritu zuen Castrio azken aurreko sailkatuaren etxean irabazteko. Euskal taldeek mesedeak egin zizkioten elkarri, Castro baita Kukullagak atzetik duen lehen taldea, eta atzo etxetik kanpo galdu zuten arren,Etxebarrikoek puntu baten aldea dute jaitsiera postuarekiko.
Anaitasuna, ezinean (37-23)
Anaitasunak 37-23 galdu zuen atzo Atletico Madril ahaltsuaren pistan, eta Asobal Ligako jaitsiera postuetatik bi puntura jarraitzen du gaurko emaitzen zain. Anaitasunak lehen zati duina egin zuen (17-13), baina etxekoek bigarrenean hautsi zuten oreka. Iruindarren aldetik Matias Schulz atezaina izan zen onena, ezustekoan sinetsi zuen bakarra.
Itxakok 18-33 irabazi du Sagunten, eta are gertuago du liga
Bera Berak kostata irabazi du Castron (20-22), eta Kukullagak itxura ona emanda galdu du (31-25)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu