Edurne Elizondo (Volgograd; berriemaile berezia)
Ez du emaitza txarra lortu du gaur arratsaldean Itxakok Errusian EHF Kopako finaleko joanekoan, Dinamo Volgograd-en kontra galdu egin duen arren, bi golegatik soilik galdu duelako: 27-25. Atsedenean 15-13 ziren. Gaur zortzi jokatuko dute itzuliko partida erabakigarria, Lizarran (Nafarroa), 19:30etik.
Okerragoa izan zitekeen gaurkoa, bigarren zatiko 15. minutuan sei golegatik galtzen joan delako Lizarrako taldea: 24-18. Ez du partida ona egin; ohi baino akats gehiago egin ditu. Deonise Fachinello izan da Itxakoko jokalaririk onena lehen zatian -denera bederatzi gol sartu ditu- eta Silvia Navarro atezaina bigarrengoan -lau geldiketa jarraian egin ditu-.
Ikusteko dago Nely Carlak jokatzerik izango duen datorren larunbatean, gaur lehen zatian min hartu duelako behatz batean; erietxera eraman dute.
Astelehen goizaldean helduko dira Lizarrara, eta aste osoa izango dute finaleko itzuliko partida prestatzeko.
Denboraldi bikaina ari da egiten Itxako. Joan den asteazkenean bertan Espainiako Ligako bigarren postua erdietsi du -Dinamo hirugarren izan da Errusiakoan-, eta Europan EHF Kopan finalean da, eta, gaurko emaitza ikusita, irabazteko aukerekin.
Europako bere lehendabiziko finala du; behin ere ez zuen pasatu final-zortzirenetatik. Finalera iristeko Gil Eanes (Portugal), Kuban Krasnodar (Errusia), Cornexi Alcoa (Hungaria), Metz (Frantzia) eta Dunaferr (Hungaria) taldeak utzi ditu atzean.
Eskubaloia
Itxakok 27-25 galdu du EHF Kopako finaleko joanekoan
Ordu laurdena falta zela sei golegatik galtzen ari zen Dinamo Volgograden kontra. Gaur zortzi jokatuko dute itzuliko partida erabakigarria, Lizarran. Itxakokoak astelehen goizaldean helduko dira etxera, eta ikusi egin behar Nely Carla osatzen den larunbaterako, gaur min hartu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu