Urrats bakarra falta zaio Itxakori Espainiako Kopa irabazi eta bere garaipen zerrendan zazpigarren titulua pilatzeko. Lizarrako taldeak 26-18 irabazi zion atzo Mar Alacanti, eta Espainiako Kopako finala jokatuko du gaur 12:00etan, Telden (Espainia), Eldaren aurka —26-29 irabazi zion Ro'Casari—.
Ambros Martinek zuzendutako taldea zen faborito Mar Alacanten aurkako finalerdian, eta ez zuen huts egin. Beti joan zen aurretik, eta estutasun handirik gabe lortu zuen garaipena. Mar Alacantek kostata eutsi zion Itxakori 35 minutuz (13-11) baina bigarren zatiaren hasieran nafarrek partida hautsi zuten 6-2ko partzial bat lortuta (19-13). Behin zuloa eginda, eroso aritu ziren. Hala ere, aldea handitu zuten, aurkariaren ezina areagotuz. Azken minutuetan gaurko finalari begira indarrak gordez jokatu zuten. Elda da garaipen zerrenda lodritzen jarraitzeko gainditu beharreko azken oztopoa.
Itxakok azken urratsa falta du Kopa irabazteko
Lizarrako taldeak ez du huts egin, eta nagusitasunez irabazi dio Mar Alacanti finalerdietan (26-18)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu