Itxakok ez du hutsik egin, eta ABF Ligan sendo jarraitzen du. Leonen aurkako partidan 34-23 nagusitu ziren atzo Lizarrako jokalariak, etxean. Etxean ariko dira etzi, halaber; Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako bigarren partida jokatuko dute, Alemaniako Buxtehuderren aurka. Partida hori baino ez dute Ambros Martinen jokalariek buruan orain.
Atzokoa garaipen erraza izan zen Itxakorentzat. Kalitate handiko jokalariak ditu Leonek, baina Lizarrakoen aurrean ezinean aritu ziren. Etxekoak Begoña Fernandez eta Zulai Agirre gabe aritu ziren, baina haien hutsa ez zen gehiegi sumatu, haien taldekideek egindako ahaleginari esker. Fernandezek min hartuta jarraitzen du, eta Agirreri atseden hartzeko aukera eman zion Martinek atzo. Raph Tervelek, Nerea Penak eta Carmen Martinek arazo fisikoak izan dituzte azken egunotan, baina hirurak aritu ziren atzo. Ongi, gainera.
Partida lehen unetik bideratu zuen etxeko taldeak. 6-2 jarri zen aurretik markagailuan lehendabiziko minutuetan, eta atsedenaldira 15-10eko emaitzarekin ailegatu ziren Lizarrakoak. Bigarren zatian egoerak ez zuen hobera egin Leongoentzat. Eta Itxakok ederki profitatu zuen aukera. 34-23 nagusitu zen.
Etzi Txapeldunen Ligan bertze urrats bat egiteko aukera izanen du Itxakok, Alemaniako Buxtehuder taldearen aurka. Dinamo Volgograden aurka irabazi eta gero, bide beretik jarraitzeko prest izanen dira nafarrak.
Itxakok erraz irabazi dio Leoni, Buxtehuder hartu aurretik
Lizarrako taldea 34-23 nagusitu da ligan, eta hagitz sendo jarraitzen du sailkapenaren goiko aldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu