Itxakok Espainiako Kopako finala du helburu gaur

Lizarrako taldeak Mar Alacanten aurka jokatuko du finalerdietako norgehiagoka

edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko sasoian lortutako Espainiako Kopako txapelari eutsi nahi dio Itxakok, eta, horretarako, finalera ailegatu behar du lehenbizi Lizarrako taldeak. Gaur, Alacanten du aurkaria, 18:00etan. Elx hartu zuten mendean nafarrek herenegun, final-laurdenetan (20-17). Mar Alacantek, berriz, Mar Saguntori irabazi zion (32-30).

Gaurko finalerdia aurreko denboraldiko finala izanen da. Mar Alacanti irabazi zioten Ambros Martinen jokalariek iaz Espainiako Kopako finala. 29-35 nagusitu zen Itxako partida hartan.

Lizarrako taldearentzat garaipena da gaur helburu bakarra, finalean berriz txapela jantzi ahal izateko. Elxen aurkako partidan, hala ere, ez zen fin ibili. Lehen zatian huts anitz egin zituzten nafarrek, eta, ondorioz, oreka izan zen markagailuan. Bigarren zatian, huts horiek konpontzeko aukera izan zuten Ambrosek entrenatutako jokalariek, eta kostata, baina lortu zuten finalerdietara pasatzea.

Finalera ailegatzeko, hala ere, hutsak bazter utzi beharko ditu Itxakok. Espainiako Kopan bigarren aukerarik ez da, eta dena erabakitzen da partida bakar batean. Denboraldi honetan bitan aritu dira elkarren kontra Itxako eta Mar Alacant, eta bietan nagusitu dira nafarrak: 28-21 Espainiako Superkopan eta 26-33 ABF ligan.

Espainiako Kopa ez da ABF liga, baina argi dago Itxakok txapelketa irabazteko gaitasuna baduela. Eta hori du helburu. Horretarako, bertze deus baino lehen, Mar Alacant hartu beharko dute nafarrek mendean. Bertze finalerdia Eldak eta Ro'Casak jokatuko dute, lehen finalerdia amaituta, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.