Itxakok eta Bera Berak finala dute xede

Nafarrek Mar Alacant izanen dute aurkari gaurko finalerdietan, eta donostiarrek, berriz, Alcobendas

Erredakzioa
Iruñea
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako azken bost ekitaldietako lauretan, Itxakok eta Bera Berak irabazi dituzte txapelak. Nafarrak dira egungo txapeldunak, eta horrek, donostiarrekin batera, gaur Altean (Alacant, Herrialde Katalanak) jokatuko diren finalerdietan aurrera egiteko faborito nagusi bilakatzen ditu.

16:00etan jokatuko da lehendabizikoa. Alcobendasen aurka ariko da Bera Bera. Alcobendasek Murtzia kanporatu zuen final-laurdenetan (21-25), eta Bera Berak, berriz, Elx (30-22).

Donostiarrak erraz nagusitu ziren txapelketako aurreneko partidan. Gaurko norgehiagokari buruz, hala ere, zuhur mintzatu dira Reyes Karrere entrenatzailea eta Eli Pinedo jokalaria. Pinedo «ilusioz» dago finalera sailkatzeko aukerarekin. Aurkariari buruz, haren talde lana nabarmendu du jokalariak. Madrildarrek «joko freskoa» egiten dutela gaineratu du Karrerek. Kontuz ibiltzeko beharra azpimarratu dute, baina argi utzi dute Bera Bera finalera sailkatu bertze helbururik ez duela. Hori lortzeko, taldeak bere nortasunari eutsi behar diola argi du entrenatzaileak.

Xede bera du, noski, Itxakok. Gaurko bigarren finalerdia jokatuko dute nafarrek, Mar Alacanten aurka, 20:00etatik aurrera. Teledeportek zuzenean emanen du.

Itxako, etxekoen kontra

Ambros Martinen jokalariek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten final-laurdenetako Mar Sagunten aurkako norgehiagokan (22-37). Mar Alacantek, berriz, anitz sufritu behar izan zuen Ro'Casa mendean hartzeko. 25-24 amaitu zen partida.

Etxeko taldea da Mar Alacant, eta hori, zalantzarik gabe, sumatuko da gaur, harmailetan. Zaleak alde izanen dituzte Mar Alacanteko jokalariek, eta egoera hori baliatuko dute Itxako, faborito nagusietako bat, ezustean harrapatu ahal izateko.

Txapelketa hagitz ongi hasi dute bi euskal taldeek, eta bide beretik jarraitzen badute gaurko finalerdietan, Donostiako eta Lizarrako jokalarien arteko finala har dezake bihar Alteak.

Goizeko 11:00etan jokatuko da biharko finaleko norgehiagoka, hain zuzen ere. Azken partida hori jokatu ahal izateko, gogor saiatuko dira gaur Itxako eta Bera Bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.