Itxakok eta Zuazok denboraldiko lehen partidak irabazi zituzten atzo, Cleba Leon (30-25) eta Casteldefellsen (27-23) aurka, hurrenez hurren. Bera Berak ere ondo egin zituen lanak eta Mar Alacanten aurka 35-17 eroso gailendu ondoren bigarren postura itzuli da. ABF Ligako 5. jardunaldia borobila zatekeen euskal taldeentzat Kukullagak ez balu etxean galdu Mecalia Guardesen kontra (23-31).
Aspaldiko partez alaitasun pixka bat ikusi izan zen Lizarreria pabilioian. Ligako lehen lau partidak galdu ondoren Itxakok garaipen bat behar zuen norabidea aldatzeko eta Clebaren aurka iritsi zen. Lehen zati estuaren ondoren (16-14), bigarrenaren hasieran lau goleko abantaila lortu zuen Itxakok eta ondo kudeatu zuen bukaerara arte.Zuazo ere kinka larrian zegoen, eta garaipena antzekoa izan zen. Lehen zatiko oreka (12-10) hiru ordu laurdenez mantendu zen eta azken txanparaarte ez zuten lasai arnasa hartu Barakaldokoek. Atzoko garaipenen eraginez, orain lau talde berdinduta bi punturekin sailkapeneko azken postuan.
Bera Berak ere ez zuen hutsik egin. Puntu bat galdu du honezkero ligan eta etxeko partidak ondo lotu behar dira. Donostiarrak bete-betean hasi ziren eta 11. minutu nahikoa izan zituzten partida zuzentzeko (11-3). Atsedenaldirako aldea handiagoa zen (18-7). Azkenik, Etxebarrin, Guardes Kukullaga baino gehiago izan zen. Galiziako taldea ligako ezustekoa izaten ari da.
Anaitasuna, bolada haustera
Anaitasuna liga hasierako bolada txarra hausten saiatuko da gaur Valladoliden aurka, Arrosadian (12:30). Aitor Etxabururen taldeak jokaturiko bost partidak galdu ditu eta sailkapeneko putzuan dago aurkariarekin batera, Valladolidek ere ez duelako punturik. Teknikariak jokalariengan fedea duela nabarmendu zuen atzo. «Jokalariek badakite liga luzea dela eta une txar hauei buelta emateko gai dira. Mentalizatuta daude, eta ondo borrokatu izan arren emaitza ez lortzearen atsekabearekin». Taldeko kide guztiak jokatzeko moduan daude.
Itxakok eta Zuazok denboraldiko lehen partidak irabazi dituzte
Bera Bera erraz gailendu zaio Alacanti (35-17), eta Kukullaga izan da galdu duen bakarra (23-31)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu