Itxakok etxean jokatuko du Txapeldunen Ligako finaleko itzuliko partida

Larviken pistan ariko dira nafarrak joanekoan, maiatzaren 7an, eta itzulikoa 14an izanen da, ziurrenik Iruñean

edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zozketak erabaki du: Itxakok Larviken pistan jokatuko du Txapeldunen Ligako finaleko joaneko partida. Maiatzaren 7an jokatuko da norgehiagoka hori, Norvegian, 16:45ean. Itzulikoa, berriz, etxean jokatuko dute nafarrek, maiatzaren 14an, 19:00etan. Ez, ordea, Lizarran, EHFk ez baitio finalerako oniritzirik eman bertako pabiloiari. Ondorioz, litekeena da itzuliko partida hori Iruñeko Anaitasunan jokatzea.

Zozketaren emaitza ezagutu eta gero, Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek azpimarratu zuen partiden ordenak ez duela gehiegi kezkatzen; are gehiago, ez duela uste erabakigarria izanen denik. Finalerdietako itzulikoa etxetik kanpo jokatu zutela gogoratu zuen atzo. Partiden ordenak baino garrantzi handiagoa izanen du, Martinen ustez, norgehiagoka bakoitzeko une erabakigarriei aurre egiten jakiteak.

Entrenatzaileak ez zuen zalantzarik: «Larvik munduko talderik onena da. Talde hori da Norvegiako selekzioaren oinarria, eta Norvegia da egungo munduko txapelduna». Larvikeko jokalarien kalitatea nabarmendu zuen, baina argi utzi zuen talde horrek ere badituela puntu ahulak: «Markagailuan azpitik denean kontzentrazioa galtzen ohi du, sufritu egiten du». Martinek badaki Itxakok gogor egin beharko duela lan Larvik mendean hartzeko. Eta prest dela erran zuen. Hori bai, finaleko partida Lizarran jokatzeko aukera ez izatea berri txarra dela erran zuen.

San Antoniok galdu etxean

Torrevellaren kontra jokatu eta galdu zuen atzo San Antoniok, Iruñean (27-28). Larunbatean Errekopako finalerdietako joanekoa dutenez, aurreratu egin zuten Asobal ligako 26. jardunaldiko partida, baina ez dute Errekopako partida ahozapore onez jokatzeko aukerarik izango. 18-17 amaitu zuten etxekoek lehen zatia, eta atzetik aritu ziren bigarrenean (19-20 eta 20-23). Orekatu egin zen erabat partida azken txanpan. 26nakoa izan zen azken berdinketa, eta 27-28koarekin zutoinera bidali zuen azken jaurtiketa Gedeon Guardiola San Antoniokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.