Itxakok ez zuen ustekabekorik ametitu atzo, eta 32-17 irabazi zion Mar Alacanti Espainiako Kopako bigarren finalerdian. Lizarrako taldea nagusitasunez gailendu zen, eta atsedenaldirako kanporaketa erabakita zegoen. Gaur titulua hirugarren urtez jarraian irabazten saiatuko da.
Itxakok ez zuen etxeko taldearen errukirik izan. Zaleak kontra izan arren, Lizarrako taldearen indarra harmailetatik aurkarien alde iritsi daitekeen edozein hauspo baino ahaltsuagoa da. Mar Alacantek grinatsu ekin zion partidari, eta Itxakok sei minutu behar izan zituen lehen gola sartzeko. Lehen minutuetan oreka egon zen, eta nafarrek ez zuten tarterik ireki (3-4, 12. min).
Oreka, baina, ilusio hutsa izan zen, minutuek aurrera egin ahala etxeko zaleen itxaropena deseginez joan zelako. Navarrok eta Milenkovicek —bi penalti gelditu ziten lehen zatian— lan ona egin zuten atepean, eta kontraeraso zein urruneko jaurtiketek Mar Alacant odolustu zuten. Atsedenaldian Itxako 7-16 zen aurretik.
Alde handiak bigarren zatia baldintzatu zuen. Tentsioa jaitsi egin zen eta erasoek defentsei gaina hartu zieten. Itxakok, halere, ez zuen une batez ere bere abantaila arriskuan ikusi. Ambros Martinezek ezohiko jokalariak erabili zituen nekea ez pilatzeko. Lizarrako taldeak hamahiru ordu eskas zituen finalaren aurretik atseden hartzeko.
Itxakok ez dio aukerarik eman Mar Alacanti
32-17 irabazi du bigarren finalerdian; atsedenaldirako erabakita zeukan partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu