Itxakok gogotik sufritu du Bera Berari derbia irabazteko

Bi taldeek oso partida parekatua jokatu dute, eta, azkenean, gol baten aldearekin nagusitu dira Lizarrakoak (27-26)

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Itxako eta Bera Bera dira gaur-gaurkoz ABF ligako bi talde onenak. Lizarrako taldea Donostiakoa baino koska bat gorago dago —azken hiru urteetan irabazi dituen bederatzi tituluak dira horren erakusle—, baina elkarren aurkako derbiak emozioz eta tentsioz beteak izan ohi dira. Ez da alde handirik egoten. Parekotasuna izan ohi da. Zergatik? Makina bat aldiz jokatu dutelako elkarren aurka, eta oso ondo ezagutzen dutelako elkar. Hori gutxi balitz bezala, talde batetik bestera joandako jokalari bat baino gehiago dago. Finean, sekretu gutxi dago bien artean. Zaila da batek bestea ustekabean harrapatzea, baita bata bestea hankapean ibiltzea ere.

Atzo ikusi ahal izan zen hori guztia, Itxakok eta Bera Berak derbi ikusgarria jokatu baitzuten Lizarrerria kiroldegian, ikusgarria, emozioz betea izan zelako, ezin parekatuagoa. Emaitza ikusi besterik ez dago: 27-26 etxeko taldearen alde. Gol eskas baten aldearekin lortu zuen garaipena Itxakok, eta, horri esker, tinko eusten dio ABF ligako lehen postuari, jokatu dituen bi neurketak irabazita. Bera Berak, berriz, denboraldiko lehen partida galdu du, baina atzo egin zuen joko bikainari eta erakutsi zuen grina biziari eusten badio, gutxi izango dira galtzaile aterako diren partidak. Argi dago: bai Itxako, bai Bera Bera muturrean ibiliko dira. Ligako hirugarren euskal taldeak, Kukullagak, aldiz, nahikoa izango du mailari eutsita. Atzo berriro galdu zuen, 21-33 Mar Alacanten aurka.

San Antonioren garaipena

Asobal ligan, Amaya Sport San Antoniok denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, etxean Antequerari 33-27 irabazita. Iruñeko taldeak partida txukuna jokatu zuen, eta estutasunik gabe nagusitu zitzaion Espainiako taldeari. Garaipenari esker, Juanto Apezetxeak zuzentzen duen taldeak gora egin du sailkapenean, eta bide batez atzean utzi du lehen jardunaldian ustekabean Huescan jasotako astindua.

Helvetia Anaitasunak, berriz, gaur jokatuko du bigarren jardunaldiko partida (12:30). Iruñeko taldearen zaleek euren taldea bertatik ikusteko aukera izango dute Asobal ligan 28 urteren ondoren. Okasiorako, gainera, talde bikaina izango dute aurkari iruindarrek: Bartzelona, jarduneko Asobal ligako txapelduna. Erronka benetan gogorra da, baina Anaitasunako kideak konfiantzaz lepo daude Ligako estreinako neurketan Granollersen pistan garaipen bikaina lortu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.