Itxakok Errumaniako Oltchim Valcearen aurka jokatuko du gaur, etxean, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bigarren jardunaldiko partidan. Lehen multzoko lau taldeen artean azkena da Itxako, Esloveniako Krimen aurkako norgehiagoka galdu eta gero (30-26). Bigarren ligaxkari ekin aurretik nafarrek bazekiten erronka zaila izanen zela, baina lehiaketa maldan gora jarri zaie.
Aste zaila izan zen aurrekoa Itxakoko jokalarientzat. ABF ligako partida galdu zuten lehendabizi Ro'Casaren aurka; eta gero Krimen aurkakoa, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako estreinako jardunaldian. Dena irabaztera ohitu den Itxakoren gisako talde batentzat egoera ez da batere erraza. Horregatik, gaurko partidaren atarian, Itxakoren aurkari nagusia Itxako bera izan daitekeela azpimarratu dute taldeko kideek. ABF ligan lortu dute egoera iraultzea, asteazkenean 32-16 hartu baitzuten mendean Vicar Goya. Nafarrek huts egin zutenean, gainera, haien aurkari nagusi Eldak ere porrot egin zuen. Gaurko aurkariaren mailak, noski, ez du zerikusirik ABF ligakoekin. Zortzi onenak baino ez dira sailkatu Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako.
Errumaniako taldeak garaipen estu batekin ekin dio bigarren ligaxkari. 21-20 irabazi zion aurreko jardunaldian Buducnost Montenegroko taldeari. Talde indartsua da Oltchim, eta esperientzia handikoa Europan. Aurreko sasoian Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen.
Bi aldiz irabazi du, halaber, EHF kopa, azkenekoz 1988-1989 denboraldian. Europako Errekopa eta Superkopa bana ere badu. 2006-2007an eskuratu zituen biak. Errumanian hamasei liga irabazi ditu, azkeneko laurak jarraian, eta hamahiru Kopa ere bai. Orain ere Errumaniako ligako buru da, jokatu dituen hamabost partidak irabazi eta gero. Txapeldunen Ligako lehen ligaxkan bigarren sailkatu ziren errumaniarrak C multzoan, Norvegiako Larviken ondotik, lau partida irabazi eta bi galduta.
Itxakok anitz dauka jokoan
Krimen aurkako partidan Itxakok ez zuen aurpegirik onena erakutsi. Defentsan, batez ere, ez zen ohi bezain sendo agertu, eta, erasoan, berriz, huts gehiegi egin zuen. Aukera profitatu zuen Esloveniako taldeak. Joko azkarra egin zuen, eta bere erritmoa ezarriz, Itxako bazter uztea lortu zuen. Ezinean aritu ziren Ambrosek zuzendutako jokalariak. Gaur bertzelako jokoa erakutsi beharko dute etxean. Hobeki erranda, bere jokoa egiteko aukerak sortu beharko dituzte. Gotorleku bilakatu Lizarrerria pabiloia. Defentsa sendo batetik abiatu, eta eraso eraginkorra egin.
Lizarrako taldeak badaki anitz duela jokoan. Egia da bigarren ligaxkarako sailkatu izana jada saria dela nafarrentzat, baina Itxakoren mailako talde batek ez luke borrokatu gabe amore eman beharko. Erronkaren tamaina, hala ere, ez da nolanahikoa. Hori Itxakoko kideek ederki dakite. Aurreko sasoian Oltchim izan zuen aurkari Lizarrako taldeak lehen ligaxkan, eta bi partidak galdu egin zituen. Lizarran 24-27 galdu zuten nafarrek, eta, Errumanian 27-25.
Datuak kontuan hartuta, gaurkoa ez da batere partida erraza izanen. Gainera, Itxakoko hainbat jokalarik arazo fisikoak dituzte. Nerea Pena ez zen Vicar Goyaren aurkako partidan aritu, abduktoreetan arazoak dituelako. Ikusteko dago gaurko prest izanen den. Emiliya Turey ere ez zen Ligako partidan aritu. Alexandrina Barbosa, ordea, bai, baina ez da sasoi betean. Gaur denen indarra beharko du Itxakok.
ITXAKO-OLTCHIM VALCEA
Lehiaketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehen multzoko bigarren jardunaldia.
Itxako. Navarro, Stefanie, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Macarena Aguilar, Nerea Pena, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova, Tervel, Barbosa eta Azanza.
Oltchim Valcea. Ungureanu, Pislaru, Tolnai, Stanca, Manea, Luca, Fiera, Bese, Pidpalova, Szucs, Tacalie, Vinatoru, Vizitiu, Geiger, Oezel, Han, Neagu, Ardean, Farcau, Curea, Nechita eta Managarova.
Epaileak. Pedersen eta Mortensen (Danimarka).
Sailkapena. Itxako laugarren postuan dago sailkapenean: 0-1 (-4); eta Oltchim Valcea bigarren: 1-0 (+1).
Lekua. Lizarrerria pabiloia (2.800 ikusle).
Ordua. 19:00 (Canal 6).
Multzoko beste partida. Buducnost-Krim Mercator (bihar, 19:30ean).
Itxakok gotorlekua behar du
Nafarrek Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren lehia jokatuko dute gaur, etxean, Oltchimen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu