Itxakok pauso erabakigarria eman dezake gaur etxean

Elda hartuko du, liga irabazteko beste hautagaia, eta irabazita lau puntuko aldea irekiko lukete nafarrek

Nerea Pena Itxakokoa, Bera Berako bi jokalariren falta jasotzen. J. M. / A. PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
ABF ligako lehen itzulia bukatzeko bi jardunaldi falta dira oraindik, baina Itxakok aginte kolpe garrantzitsua eman dezake gaur, Lizarrerian pabilioian (18:30). Lizarrako taldea sailkapenaren buruan dago partidarik galdu gabe, eta Elda Prestigio hartuko du, bigarren sailkatua, eta titulua irabazteko beste aurkari sendoa —iragan sasoian txapeldunorde izan zen—. Bera Berak, aldiz, Vicar Goyarri egingo dio bisita (19:00), beheko postuetan dagoen taldea, eta irabaztea beharrezkoa du hirugarren posturako lehian jarraitzeko.

Goizegi da Itxakok liga erdia erabakita utzi dezakeela esateko, baina gaur irabaziko balu lau puntuko tartea irekiko luke bere aurkari zuzenenarekiko. Izan ere, Alacanteko taldeak partida bat galdu du lehen itzulian, eta horregatik gaur ezin du hutsik egin. Are gehiago, Itxakok ligan erakutsi duen nagusitasunarekin bi taldeen artean irekin daitekeen lau puntuko aldea ia amildegia litzateke, eta bide batez lasai ibili ahal izateko koltxoia nafarrentzat.

Partida estua espero da, baina Itxako da faborito. Iragan sasoian, baina, ligan, bi aldiz neurtu zituzten indarrak, eta nafarrek ez zuten bakar bat ere irabazi. Alacanten 20na berdindu zuten, eta Lizarrerian 20-23 irabazi zuen Eldak. Ordurako baina Itxakok puntu aldetxoa lortua zuen, eta liga irabazi zuen azkenean. Gainera iragan sasoitik hona asko aldatu da bi taldeen egoera. Itxako ondo indartu den bitartean Eldaren aurrekontua jaitsi egin da, eta bi taldeen arteko aldea handitu egin da.

Ambros Martinez jokalari guztiak erabili izango ditu, Tatiana Alizar atezaina izan ezik, atzo bertan eten baitzuen bere kontratua taldearekin. Besteei dagokionezBarno, Aguilar, Pena, Tervel eta Fernandez osatu dira eta gaur arazorik gabe jokatuko dute. Eldari dagokionez Garcia eta Serraten hutsuneak izango ditu, eta Farias eta Ana Paula dira hobekien zaindu beharreko jokalariak.

Lehen bi sailkatuen atzetik Bera Bera dago, Sagunt eta Elxekin berdinduta hirugarren posturako lehian. Donostiako taldeak bidaia luzea izan du Almeriaraino, baina gaur ezin du hutsik egin Vicar Goya 12. sailkatuaren pabilioian. Reyes Karrerek bi hutsune ditu deialdian: Ziarsolok kolpea hartu zuen belaunean eta Tomasevic atezaina haurdun dago. Serbiarrak ezingo du sasoi guztian jokatu eta taldea ordezko bila jarria da dagoeneko.

Faboritoak ondo hasi dira

Gizonezkoen munduko eskubaloi txapelketa herenegun hasi zen, Suedian, eta atzo Frantziak eta Kroaziak, 2009ko finalistek, euren lehen partidak irabazi zituzten. A multzoan, Frantzia munduko txapeldunek ez zioten aukerarik eman Tunisiari (29-18). Karabaticek —txartel gorria ikusi zuen— sei gol sartu zituen, eta Abalok bost. Multzo berean Alemaniak 30-25 irabazi zion Egiptori. Kroazia azken txapeldunordeari dagokionez, C multzoan, sei goleko aldearekin irabazi zion Errumaniari (27-21). Azkenik, B multzoan. Islandiak 32-26 irabazi zion Hungariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.