Itxakok ABF liga irabaz dezake, baina ez gaur. Hori lortzeko aukera galdu zuen hilaren 14an Lizarran Eldaren aurka galdu ostean. Ambros Martinek zuzendutako taldeak, halere, bigarren urtez jarraian txapela irabazteko urrats garrantzitsua egin dezake gaur, etxean Ro'Casari irabaziz gero (18:30). Garaipena lortuta, Itxakok gutxienez bi puntuko aldea izango luke Eldarekiko -orain duen bera-, txapelketa amaitzeko bi partida eskas falta direla.
Egoera, ordea, hobea izan daiteke oraindik Itxakorentzat. Horretarako, Eldak huts egin beharko luke gaur. Ez da ezinezko aukera, Herrialde Katalanetako taldeak partida zaila baitu, Akaba Bera Berari egingo baitio bisita. Donostiako taldeak ere asko du jokoan, bosgarren postua, hain zuzen ere, datorren denboraldian EHF kopa jokatzeko eskubidea ematen duen azken postua, alegia. Une honetan bi puntura dute donostiarrek Leon, bosgarren sailkatua. Beraz, badute oraindik aukera helburua lortzeko, eta, horretarako, gogor borrokatuko dira gaur. Etxean, euren zaleen aurrean jokatzea, gainera, akuilu izan daiteke, ustez koska bat gorago dagoen taldea menden hartzeko.
12:00etan hasiko da donostiarren eta valentziarren arteko partida. Beraz, norgehiagoka horretako emaitza jakinda ariko da Itxako. Onerako zein txarrerako. Onerako, Eldak huts egiten badu, oparia aprobetxatzeko. Txarrerako, berriz, Eldak irabazten badu, Ro'Casari irabazteko presio gehiago izateko.
Itxakok titulua irabazteko beste urrats bat egin nahi du gaur, Ro'Casari irabazita
Nafarrak Donostiara begira egongo dira, Eldak Akaba Bera Beraren pistan jokatuko baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu