Itxako Lizarrako eskubaloi taldeko jokalariek eta entrenatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dute ez direla soldatak jasotzen ari eta "egoera larria" dela. "Behartuta" sentitu dira egoeraren berri jendaurrean ematera, "klubeko arduradunek maiz egin izan dutelako promes, baina hitza ez da betetzen". Partida garrantzitsuak jokatu ondotik atera dute oharra, esan dutenez.
Itxakok aitortu du jokalari eta entrenatzaileei azken hiru hilabeteetako soldatak ordaintzeko diru falta duela une hauetan. "Egoera ekonomikoa zaila da", esan du klubak, baina gaineratu du horrek ez diola taldeari eragin —Espainiako ABF Ligan aurreneko postuan da eta Txapeldunen Ligan finalerdietara sailkatzeko aukerak dauzka—. "Diru arazoa laster konpontzea espero dugu".
Klubak azpimarratu du 2000. urtean Espainiako Ohorezko Mailara igo zirenetik zorrik ez duela jokalariekin. "Beste urte batzuetan ere izan dira atzerapenak, baina beti bukatu dute soldatak jasotzen".