Ligaxkako aurreneko hiru partidak galduta, Final laurdenetako ateak ia erabat itxita zituzten Maria Lopez de Egilaz eta Rocio Ibarra Donostiako eta Bilboko hockey jokalariek, baina itxaropen izpi bat zabaldu zaie Alemaniari 2-1 irabazi ostean.
Multzoko buruan zegoen Alemania partidaren aurretik, eta Europako txapelketan hirugarren gelditu zen. Horrek, teorian, zaildu egiten zuen Espainiako selekzioaren garaipena. Ordea, lehen laurdenean bi goleko abantaila lortu du Ibarraren eta Lopez de Egilazen taldeak, eta, bigarren laurdenean Alemaniak aldea murriztu badu ere, ongi eutsi dio 2-1ekoari.
Larunbatean jokatuko dute bilbotarrak eta donostiarrak partida erabakigarria, Hego Korearen aurrean. Multzoko azken postuan daude korearrak. Derrigorrean irabazi, eta Lopez de Egilazek eta Ibarrak gainerakoen emaitzen zain egon beharko dute final laurdenetara igaro ahal izateko.