Itxaropena eta gozamena euskal taldeentzat

Baskonia berrindartuta bueltatu da Kopatik, Lamperi esker, eta Lagun Aroko zaleek ere asko gozatu dute

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Zigorra eman nahi bada, eman liteke. Caja Laboral Baskonia titulu guztiak irabazteko egina dagoen taldea delako, eta otsaila bukatzear dela, hiru txapelketatan zakua huts-hutsa duela geratu da. Hiruretan Euroligatik kanporatu izanak ematen du min handiena, baina Espainiako Kopak zauriak sendatu dituela esan liteke. Finalerdian Bartzelonaren aurka galdu bazuen ere, duintasunez belaunikatu zelako, baliabidez parean eta aurrekontuz askoz aberatsagoa den taldearen aurka. Maciej Lamperen itzulerak asko lagundu du irudipen horretan. Poloniarrak lan bikaina egin zuen Bartzelonako pibot handien aurka. Hamar puntu sartu zituen, eta askok galdetu dute Dusko Ivanovicek zergatik ez zuen erabili minutu gehiagotan. Agian, Lampek sei hilabete geldirik egin dituela gogoratu beharko litzateke.

Lamperekin Baskoniak orain arte eduki ez duen oreka lortzen hasi beharko luke kanpoko eta saskipeko jokoaren artean. Milko Bjelicari lau postuan jokatzen lagunduko dio horrek, eta Mirza Teletovic hainbeste ardura hartzeko premian ez egotea. Baina bada zer hobetu. Thomas Heurtel ez dabil fin, eta Brad Oleson eta Pau Ribas ere gaizki dabiltza urruneko jaurtiketetan. Fernando San Emeterio ere esnatzen hasi dela dirudi, eta hobe lehenbailehen egitea, ACB ligako titulua lortzeko ahaleginean aukeraren bat eduki nahi bada. Gaur, behintzat, ia ezinezko ikusten da Bartzelona edo Real Madril gainditzea.

Oroimenean geratuko da

Lagun Arok ere bisita laburra egin zuen Bartzelonara, baina hasiera guztiak dira zailak. Onenekin batera egon zen, behintzat, eta ez etxean, besteetan bezala. Pausoak eman egin behar dira, txikiak izanagatik. Pozik zegoen German Cea klubeko gerentea, sos kontuetan Kopak taldeari onura handirik ekarri ez badio ere. Finalean gerta zitekeena baino gehiago, Lagun Aroren hurrengo bi partidak zituen buruan Ceak: CAI Zaragoza eta Estudiantes, biak Donostian: «Bi partida horiek irabazita ere 2013an Madrilen jokatuko den Kopara hurbilduko gara». Han, bi euskal talde baino hiru baleude, hobeto. Igande iluntzean honako galdera hau egin baitzioten elkarri Euskal Herriko kazetari askok: «Zer egingo zuen Gescrap, Bizkaiak Kopa jokatu izan balu? Real Madrili 24 puntugatik irabazi zion orain hamar egun Bilbon, Euroligan, eta Real Madrilek irabazi du Kopa, nagusitasunez». Ezin jakin, eta lastima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.