Gaur arratsaldean Getaferen aurka galdu edo irabazi, Osasunak sailkapenaren azken postuan amaituko du 2008. urtea, eta, ondorioz, 2009ko lehen azken sailkatua ere Jose Antonio Camachoren taldea izango da. Gabonetako oporraldian jokalariek burua freskatu nahiko dute, baina ez da ederra izango euren burua sailkapenaren zuloan ikustea, eta argi dago salbazioa zazpi puntura ikusteak hondoratu egin dezakeela gorritxoen aldartea; beraz, mailari eusteko itxaropenari eusteko ia ezinbestekoa da gaur Getaferi irabaztea. Partida irabazita, gehienez ere lau puntura jarraituko du hamazazpigarren postuak, oraintxe bezalaxe. Zorte apur batekin puntu bakarrera edo bi puntura ere ikusiko dute helburua gorritxoek, irabaziz gero. Horregatik, gauza bakarrak balio du gaur arratsaldeko lehian: irabazteak.
Osasunako jokalariek badakite zein garrantzitsua den gaur arratsaldeko lehia. Juanfranek herenegun esandakoa argigarria izan zen: «Hiru puntuak baino zerbait gehiago ere badago jokoan Getaferen aurkako partidan», esan zuen Osasunako eskuin hegaleko erdilariak. Zalantzarik gabe, hiru puntuek emango dieten indarraz eta konfiantzaz ari zen Juanfran. Gaixoa ez da erabat sendatuko gaurko hiru puntuekin, baina gaixoak sendagaiak bezalaxe behar ditu puntuak Osasunak, inoiz sendatuko dela sinesten jarraitu nahi badu.
Jose Antonio Camachok ere badaki oso partida garrantzitsua dela: «Urtea zaleei poz bat emanez amaitzea bidezkoa izango litzateke, lasaigarria izango litzateke, eta, bide batez, motibazioa hobetuko genuke urte berrirako. Merezi baino gehiago sufritu du Osasunak urte honetan», esan zuen atzo. Jokalariek arazoa buruan ote duten galdetu ziotenean ere ozen hitz egin zuen entrenatzaile espainiarrak: «Gal dezakegun azken gauza da burua; egoera samurra izan ez arren, baikorrak izaten ahalegindu behar dugu, eta egoera zaila izan arren, helburua oraindik gure esku dago. Horri eutsi behar diogu», esan zuen gorritxoen prestatzaileak.
Hasierako hamaikakoa ez zuen erabat argitu Camachok, baina deialdian lau jokalari berri sartu arren -Josetxo, Pandiani eta Ezquerro lesioen ostean eta Juanfran zigorraren ostean itzuli dira aukeratutako jokalarien zerrendara, Portillo, Javier Flaño, Etxaide eta Kike Solaren kaltetan-, badirudi hamaikakoak berritasun bakarra izango duela: Juanfran eskuin hegalera itzuliko da eta Azpilikueta zelai erditik atzealdera, ondorioz, Oier Sanjurjo ordezkoen aulkian geratuko da.
Osasunak bi talde soilik hartu ditu mendean sasoi honetan: Almeria Ligan, eta Getafe Kopan. Bi garaipenak Nafarroako Erresuman izan ziren, 3-1 Almeriaren aurka, eta 1-0 Getaferen aurka, joaneko 0-0koa baliatu eta kanporaketa gaindituz.
Getafe, ikasgaia ikasita
Sasoi honetan mendean hartu duen talde bakarretakoa Getafe izateak adorea eman behar die Osasunako jokalariei gaur arratsaldeko partidarako. Konfiantzaz aritu behar dute, Getafe menderatu dezaketela badakite eta. Hargatik, Getafeko entrenatzaileak, Victor Muñozek ondo ikasita datozela azpimarratu zuen herenegun: «Oso ondo gogoratzen naiz Kopako norgehiagokaz: ondo hasi ginen, baina ez genuen golik sartu. Ikasgaia ikasi dugu, Osasunak derrigorrean irabazi egin behar du, eta partida ezberdinak izango dira, ez dute zerikusirik izango. Osasunaren jokatzeko modua zein den badakigu, oldarkor eta bizi-bizi ariko dira, beraz, buruarekin jokatu behar dugu», adierazi zuen.
Itxaropenari eusteko lehia
Galduz gero, salbazioa zazpi puntura izan dezake Osasunak oporraldian; itxaropenari eusteko irabazi egin behar dute gorritxoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu