Itxaropenari eusteko

Reala Zaragozari irabaztera behartuta dago, gaur, oraindik ere miraria posible dela sinisteko

Xabier Lopetegi.
2007ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Itxaropena ezin dela galdu diote Realeko jokalariak. Denbora dagoen bitartean ezin dela amore eman. Azken aukera matematikoak agortu aurretik etsitzea barkaezina litzatekeela. Tamalez, une hori gertu egon daiteke. Hamalau partidatik bederatzi irabazi behar baldin badituzte, irabazten ez duten bakoitza Bigarren Mailarako pauso handia da. Erdibideko emaitzak, berdinketak, ez du ezertarako balio. Jokalariak bakarrik gelditzen ari dira, eta haien esku dago itxaropenaren sua puntuekin elikatzea, hori baita modu bakarra. Epe motzean lortzen badute, emozio apur bat emango diote Liga amaierari. Ez badute lortzen, oso luzea, interesik gabekoa eta, oker handirik gabe, giro txarrekoa izango da ziurrenik.

Orain ezinezkoa dirudiena lortzeko modukoa zen duela zazpi jardunaldi. Orduan, Realak lau puntura zuen salbazioa, partida eta erdira, baina guztiz okertu da egoera azken zazpi jardunaldietan puntu bakarra lortu ondoren. Bolada horretan egin du taldeak jokorik txukunena, protagonisten esanetan. Nahiko ondo defenditu, eta lehen baino gol aukera gehiago sortu ditu; hala ere, azken hori ez zen oso zaila. Emaitzak, ordea, kaskarrak dira. Golak sartu ezinik segitzen du, eta aurkariek hori baliatzen dute askorik egin gabe irabazteko. Inork ez du Reala zapaltzen, egia da, baina 1-0 edo 5-0 galdu, une honetan gauza bera da, puntuek lagunduko dutelako itxaropenaren sua pizten; ez sentipenek edo zelaian emandako itxurak.

Deportivoren aurka, taldeak hil edo bizi jokatu zuen, bederen. Kemenari heldu eta aurkaria bere arean sartu zuen. Baina 24. jardunaldian ikusi ahal izan dute zaleek hori denboraldi osoan aurreneko aldiz. Beranduegi. Porrot gehienetan, aldiz, erreakzionatzeko batere gaitasunik ez du erakutsi taldeak. Bigarren zatiak eskasak egin ditu markagailuan atzetik zebilela. Gaur ezinbestekoa izango du arriskatzea eta Deportivoren aurka izandako jarrerarekin ateratzea, etxetik kanpo lehen norgehiagoka irabaztea lortzeko. Ez da erraza izango, Zaragozak bi partida baino ez baititu galdu Romaredan.

Misterioa da, beste behin, Miguel Angel Lotinak zein hamaikako zelairatuko duen. Egia da batzuekin edo besteekin jokatu, alde handirik ez dela nabaritu, baina izan dira lan politagoa egin eta jarraipena eta konfiantza handiagoa merezi izan duten hamaikakoak. Orduan ere ez du entrenatzaileak errepikatu. Gaur aldaketak izango dira berriz; hutsuneengatik, neurri batean. Realari aldi berean arintasuna eta kalitatea ematen dizkion jokalari bakarrak, Saviok, ezingo du jokatu, klubak hala hitzartu zuelako Zaragozarekin brasildarraren fitxaketan. Litekeena da Jesulik hartzea haren postua, jada osatu delako. Azken partidetan min hartuta egon ondoren, bere lehen norgehiagoketan emandako maila berreskuratu nahiko du espainiarrak.

Atzealdean ere baliteke berritasunak egotea. Garridok eta Juanitok jokatzeko aukera handiak dauzkate, entrenamenduetan ikusitakoaren arabera. Bi euskarri postuak betetzeko lau hautagai daude: Elustondo, Aranburu, Garitano eta Rivas. Erasoan, berriz, Kovacevic eta Herrera aritzea litzateke logikoena. Serbiarrak tarte handiak sortu zizkion argentinarrari Deportivoren aurka, baina erasoan kamuts ibili zen azken hori; batik bat errematean. Behin bakarrik jokatu dute elkarrekin eta konfiantza ematea ez legoke gaizki. Skoubo, gainera, min hartuta dago.



TALENTUZ BETERIKO TALDEA. Joko lotua, abiadura, jokalari talentudunak eta ikuskizuna Zaragozara itzuli dira Victor Fernandezen eskutik. Aimar, Ewerthon, D'Alessandro, Milito eta enparauen talentua bikain egokitu da entrenatzailearen joko-moldean. UEFA Kopako postuetan dago finkatuta taldea eta Txapeldunen Liga lau puntura dauka. Golak erraz egiten ditu. Diego Milito argentinarrak, esaterako, Realak baino bi gehiago sartu ditu berak bakarrik. Aimar, Sergio Garcia eta D'Alessandroren artean, berriz, 15 goleko pase eman dituzte. Azken horrek, ordea, ezingo du jokatu, Kopako partidan kanporatu baitzuten. Azken sei partidetatik bakarra galdu du Zaragozak. Pasa den ostegunean jokatu izanak kalte egin diezaioke, baina Victor Fernandezek Aimar eta Ewerthon aulkian utzi zituen. Brasildarra izan zen albiste atzo, muturrekoa eman baitzion Cesar atezainari entrenamenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.