Irudi eder bezain bitxia erakutsi zuen Miarritzek Twickenhamgo The Stoop zelaian joan zen ostiralean. Jokalariak Europako Challengeko Amlin kopa altxatzen ageri ziren, haien zalez inguratuta. 2006ko Top14az geroztik, hura da miarriztarrek irabazi duten azken kopa. Sei urte deus irabazi gabe. 2011-2012ko sasoia bukatzeko molderik ederrena izan da hori. Alta, baliteke aspaldiko sasoirik txarrena izatea ere.
«Duela sei hilabete, denek bigarren mailan ikusten gintuzten», ohartarazi du Imanol Hariñordokik, Miarritzeko kapitainak. Hori da Miarritzeren paradoxa handia. Luzaz, jaisteko postuetan ibili da, porrotak bata bestearen gibeletik pilatzen. Baina sasoi bukaeran erakutsitako mailak berriz ere esperantza piztu du Aguileran hurrengo denboraldiari begira.
1. Munduko Koparen eragina
Miarritzek larrutik ordaindu du joan zen udazkeneko Munduko Kopa. Bere jokalari onenak Zeelanda Berrian ziren bitartean, Miarritzek Top14ko 11 partida jokatu zituen. Uda osoan Patrice Lagisquet entrenatzaileak ez zuen itxaropenik galdu, eta taldeko gazteengan ezarri zuen konfiantza. Hori bai, asko eskatuta: «Gazteek erantzukizun handiagoa hartu beharko dute eta erabaki garrantzitsuak hartzeko gai izan beharko dute». Joan zen uztailean eginiko adierazpenetan, Lagisquetek aurreikusi zituen jada Miarritzeren ezinak.
Taldearen bizkarrezurrik gabe —Traille, Hariñordoki eta Yachvili—Miarritze galduta ibili zen. Gazteek presio handiarekin jokatu zuten —Barraque, Lesgourgues, Guyot eta Watremez—, eta ez zuten lortu taldearen zama bizkar gainean eramaten. Ondorioz, Miarritzek partidak galdu zituen, eta lehen itzulia sailkapeneko azken postuan bukatu zuen, 15 punturekin.
2. Fitxaketetan petoak
Munduko Kopa denbora askoan sufrituko zuela espero zuen Miarritzek. Bere jokalari onenak itzuli bitartean, eskarmentuzko jokalariak ekarri zituen gazteei laguntzeko. Aurtengo fitxaketa guztiak, baina, gaizki atera zaizkio. Benoit Babyk Top14ko bere esperientzia ekarri behar zuen gibelean. Baina Tolosan eta Clermonten aritutako jokalariak oso partida txarrak jokatu ditu sasoi osoan. Gibelean, Fiji uharteetako Burotu eta Ingalaterrako Danny Caprice apenas ikusi diren zelaian. Sasoi honetan etorritakoen artean, Arnaud Hegi milafrangarra izan da erregularki zelaian eta ongi aritu den bakarra.
3. Jokalaribatzuen mugak
Ez da bakarrik fitxaketak gaizki egin izanaren errua izan sasoi hasiera txarra. Munduko Kopak iraun bitartean, eskarmentu handiko jokalari anitz Miarritzen gelditu ziren. Thion, August, Peyrelongue, Marconnnet eta Balshaw, adibidez. Ingelesaren kasua aparte utzita, besteek erakutsi dute ez daukatela jada taldearen ardura bere gain hartzeko adinako mailarik. Thion, August, Marconnet eta Peyrelonguek ez dute asmatu taldea zuzentzen, eta horiek zelaian zirela, Miarritzek oso emaitza txarrak lortu zituen lehen itzulian.
Horrez gain, garai hartan hainbat jokalari garrantzitsuk min hartu zuten. Horrela, Magnus Lundek partida bakarra ere ez du jokatu sasoi honetan. Erik anaia ere, bigarren lerrokoa, luze egon da zelaitik kanpo. Hutsune gehiegi ahulduta zegoen taldearen-tzat.
4. Yachvili, Trailleeta Hariñordoki
Iragan martxora arte, hiru jokalari horiek gutxitan aritu dira Miarritzerekin. Munduko Kopan lehenik eta Sei Nazioen Torneoan gero, Frantziako selekzioarekin aritu dira. Hiru jokalari horiekin, Miarritze ez da talde berdina. Aitzinean, Hariñordokik sekulako eragina dauka eskasetako taktiketan. Haren ondoan, Lauret eta Guyot gazteek biziki ongi bukatu dute sasoia. Yachviliren jokoaren zientziak eta zango bikainak sekulako arnasa eman diote taldeari. Hamaika partida irabazi ditu Yachviliri eskerrak. Azkenik, gibeleko lerroaren agintea Traillerena da. Zangoz, Yachvili eta Peyrelongue laguntzen ditu zelaia betetzen. Defentsan min egiten du, eta erasoan zelai erdia hartzeko indar handia dauka. Ez da kasualitatea haren itzulerarekin Balshawek eta Ngwenyak askoz ere zulo gehiago topatu izana. Hiru jokalari horiek egon dira Miarritzeren denboraldi bukaera bikainaren oinarrian.
5. Etorkizuna
Bukatu berri den sasoiaren lezioak ikasi ditu Miarritzek. Lehen taldean egonkortu diren gazteekin jarraituko du: Guyot, Lauret, Gray, Lakafia eta Barraque. Zahartzen ari diren lider ohiak ordezkatu behar dituzte orain. Augusten eta Marconneten ordez, lehen lerro gaztea ekarri du: Broster, Synaeghel eta Genevois. Peyrelonguerekin lehiatzeko, Leinsterreko Berquist irekitzailea ekarri du. Azkenik, Thionen lekua hartzeko ardura Dubarry gazteak izanen du. Oinarri horietatik abiatuz eta taldea gaztetuz, beste ziklo positibo bat hasi nahi du Miarritzek.
Itxaropentsu izateko titulu bat
Miarritzek ederki bukatu du sasoia, Challenge kopa irabaziz, baina sufritu egin du mailari eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu