Kike Barja. Osasunako jokalaria

«Itxaroten jakin dut, eta, orain, aukerak baliatzen ari naiz»

8 urte zituela iritsi zen Osasunara, eta 20rekin egin du debuta lehen taldean. «Amets bat» ari da bizitzen Kike Barja, baina oinak lurrean ditu. Sasoi amaieran Osasunaren «bertsiorik onena» ikusiko dela uste du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Bazkalordua da Taxoaren. Entrenamendua berandu bukatu du Osasunak, eta dutxatu eta berehala joan dira jokalari gehienak tabernara, bazkaltzera. Ez, ordea, Kike Barja (Noain, Nafarroa, 1997). Patxadaz erantzun die galderei, tripa-zorriei jaramonik egin gabe. Hasiberria da, baina jokalari zaildu baten hitz jarioa du. Elkarrizketa bukatu, eta arineketan joan da tabernara. Garrasika dauka sukaldaria.

Dolu egunak dira Osasunarentzat, Fermin Ezkurra zendu baita, klubaren historiako pertsona garrantzitsuenetako bat. Nola hartu duzue albistea?

Oso triste gaude, pertsona berezia baitzen. Oso arrasto handia utzi zuen klubean presidente gisa. Harekin, erabat aldatu zen Osasuna. Atzo kapitainak hilerrian izan ziren. Ez dakit ekitaldi berezirik izango den, baina egiten den oro gutxi izango da haren gisako pertsona bat ohoratzeko.

Asteburuan Albaceteri irabaztea litzateke omenaldirik onena. Bi garaipen kateatuta, urrats garrantzitsua egingo zenukete igotzeko borrokan.

Hala da. Denboraldiaren une garrantzitsu batean gaude, eta handia litzateke bi garaipen elkarren segidan lortzea. Akuilu ederra litzateke azken txanpari begira. Dena oso berdinduta dago sailkapenaren goiko aldean, eta partida bakoitzak balio itzela dauka. Igandean kolpe handia eman dezakegu mahai gainean.

Taldearen jokoak inor gutxi konbentzitzen du, igotzeko lehian bete-betean sartuta zaudeten arren. Zer gertatzen zaizue?

Futbolean, irabazi behar denean irabaztea da zailena. Lehengoan nahitaez genuen irabazi beharra, eta ez genuen hutsik egin. Egia da oraindik gehiago eman dezakegula: jokaldiak errazago harilkatu eta gola sartzeko aukera gehiago sortu nahiko genituzke. Ordea, pixkanaka hobera ari gara egiten, eta sasoiaren azken txanpan gure bertsiorik onena emango dugulakoan nago.

Baina une batzuetan planteamendua ez al da kontserbadoreegia izaten ari?

Jendeak nahi du talde erasokor eta dominatzaile bat ikusi, eta ulertzen dut. Baina Bigarren Mailan ez da posible neurketen fase guztietan egurrean aritzea. Maila handiko taldeak daude. Sasoiaren fase batzuetan kapazak izan gara itxura distiratsua emateko. Orain, erregularragoak izatea da gure helburua.

Urtarrilaren 7an egin zenuen debuta Osasunaren lehen taldearekin, gol eta guzti. Geroztik, tokia egin duzu hamaikakoan. Harrituta al zaude?

Ametsetako debuta izan nuen, eta, ordutik, norgehiagoka guztietan titular aritu naiz. Ez nuen espero, oso zaila baita futbol profesionala. Nire taldekideek ere maila oso ona dute. Hemen dena errendimendu kontua da. Maila ematen baduzu, jokatuko duzu; bestela, beste norbait ariko da zure ordez. Hasieran, entrenatzaileak agian uste izan zuen beste batzuk ni baino hobeto zeudela. Itxaroten jakin dut, gogor egin dut lan, eta, orain, aukerak baliatzen ari naiz.

Amets bat ari zara bizitzen, ezta?

Pentsa; Osasunara zortzi urterekin iritsi nintzen. Ia maila guztietatik igaro naiz, eta ikaragarria da gorenera iritsi izana. Lehen, harmailetatik ikusten nituen Flaño anaiak, Roberto Torres eta Oier, eta, orain, haiekin dihardut zelaian. Pribilegio eta ohore handia da.

Edonola ere, bide malkartsua egin behar izan duzu lehen taldera iristeko. Atarian izan zara azken urteetan, baina aukerarik ez duzu izan orain arte. Nola bizi izan duzu?

Iazko udan nire bosgarren sasoi-aurrea egin nuen lehen taldearekin. Hasieran, artean heldu gabe nengoela, gogorra egin zitzaidan debutatzeko aukerarik ez izatea. Ordea, esperientzia hori oso baliagarria izan zait gerora. Sasoi honen lehen zatian bigarren taldean aritu behar izan dut, hasieran fitxa profesionala egin zidaten arren. Lanean segitu dut, eta azkenean jaso dut saria.

Miguel Diazek ere bigarren taldera jaitsi behar izan du. Harrobiaren aldeko apustua sendoagoa izan ahalko litzatekeela uste duzu?

Beste urte batzuetan baino harrobiko jokalari gutxiago gaude sasoi honetan. Esaterako, azken igoeraren urtean harrobikoek presentzia dezentez handiagoa zuten. Hori berriz gertatzea nahi dute zaleek, baina sasoi honetan talde oso lehiakorra dago, eta jokatzea ez dago batere merke. Pazientzia izan behar da.

Athleticek gertutik behatzen dizu, eta ez da oraingo kontua. Zuk Osasunan pentsatzen duzu soilik, edo etorkizunari begira ez duzu aterik ixten?

Kadete mailan nenbilela jaso nuen haien eskaintza, baina hemen gelditzea erabaki nuen, nire bihotzeko taldea baita Osasuna. Gaur egun, hemen urte askoan aritzeko intentzioa dut. Orainaldian pentsatzen dut bakarrik, eta nire oraina Osasuna da. Bihar ez dakit zer gertatuko den.

Futbol profesionalean tokia egiten ari zaren arren, ez duzu intentziorik ikasketak albo batera uzteko.

Gizarte laneko ikasketak ari naiz egiten, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Zaila da futbolarekin uztartzea, baina, pixkanaka, ari naiz ikasgaiak aurrera ateratzen. Garrantzitsua da ikasten jarraitzea, ezin baitaiteke jakin etorkizunean zer gertatuko den. Etxean arduraz jokatzen irakatsi didate. Futbolaren mundua burbuila baten modukoa da, baina nik ondo asko dakit nolakoa den bizitza erreala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.