Golak: 1-0: Llorentek (69. min.); 2-0: Llorentek (71. min.); 3-0: Toquerok (74. min.). Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel horia Athleticeko Javi Martinez, Aurtenetxe eta Ekizari; eta Atletico Madrileko Godin, Miranda, Silvio, Assunçao eta Salviori. Bestelakoak: 35.000 kusle inguru San Mames futbol zelaian, ligako hamargarren jardunaldiko partidan.
Krak txiki bat entzun zen. Aurpegian nabaritu zitzaion Fernando Llorenteri. Lehen zatia amaitzear zegoen, eta Athletic-Atletico Madril gisako partida beroetan isiltasuna zer den ere ez dakien zelaia bera isil-isilik geratu zen. San Mamesek ezin zuen sinetsi euren aurrelari kutuna zelaian eserita zegoenik. Ezin zuen jarraitu. Aulkira begiratu eta aldaketa eskatu zuen errioxarrak. Joan zen Toquero korrika Marcelo Bielsaren ondora, eta prestatu zen zelairatzeko. Baina orduantxe hasi zen Llorente keinuka. «Itxoin Marcelo, itxoin». Proba egin nahi zuen. Jokaldia berriz ikusita, sinesgaitza zirudien, baina saiatu egin nahi zuen errioxarrak. Bazekien handiren bat egitekotan zegoela.
Amaitu zen lehen zatia, eta bigarrenaren hasieran indarberrituta zelairatu zen errioxarra. Belauna ondo berotu, mugimendu txiki batzuk egin, eta egurra. Bazekien zerbait Athleticeko aurrelari erraldoiak. Miranda Atletico Madrileko atzelariak egindako huts larri batean, Susaetak area barruan atzera eman zion pasea Llorenteri, eta nahigabe bezala, oinaren puntarekin baloia ukitu, hark Filipe Luisen oina kolpatu, eta baloia, negarrez-negarrez, sareetara. Merezi izan zuen itxoitea. Merezi, bi minutu geroago, Toqueroren erdiraketa ederra buruz errematatuta, 2-0ekoa lortu zuelako Llorentek etxekoentzat.
Hortxe amaitu zen Athleticen eta Atletico Madrilen arteko partida, Toquerok 74. minutuan sartutako gola oparia izan zelako. Euripean blai eginda zeuden zale sutsuentzat oparia. Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan zentzuz eta bero jokatuta, partida hautsi zuten zuri-gorriek. 3-0. Gezurra zirudien, lehen 45 minutuetako jokoa aztertuta inor gutxik esango zuelako hogei minutu geroago Athleticek egin beharreko guztiak eginda edukiko zituenik.
Egiari zor, hasi, ikusgarri hasi zen partida, kontrolik ezari ikusgarri deitzerik baldin badago, behintzat. Erritmo altu-altuarekin arerioa ito zaleak dira zuri-gorriak, baina erritmo itoegiak irekiegi utzi zuen partida. Zelai erdian kontrolik ez, eta bi taldeak eraso-defentsa etengabean. Zalearen begietara ikusgarria izan zen lehen ordu laurdena, gol aukera dezente izan zelako tartean. Susaetak eduki zuen lehenengoa, area barruan sartu eta Godinek besoa nabaritu bezain laster lurrera joan zenean. Penalti eske geratu zen eibartarra, baina jokaldi horretan ez zen ezertxo ere gertatu.
Kontraerasoan ari ziren madrildarrak min egiten, eta Reyesek, Falcaok eta Filipe Luisek aukera on bana eduki zuten. Zelai erdia kontrolatu ezinik zebiltzan etxekoak, baina eurek ere eduki zituzten hiru aukera on. Llorentek eta De Marcosek argienak, azken horrek Godinek egindako huts larri batean. 0-0ekoarekin, eta Llorenteren ustezko lesioarekin amaitu zen lehen zatia. Aurretik, 17. minuturako min hartuta utzi zuen zelaia Amorebietak, atsedenaldian erdi errenka geratu zen aldagelan Javi Martinez, eta bigarren zatian aldaketa eskatu zuen Muniainek.
Bosgarren partida galdu gabe
Lehen zatiko suari eutsita, bete-betean ekin zieten etxekoek bigarren zatiari ere, eta euren meritua bezain nabarmena izan zen Atletico Madrilen ezina. Mirandak erabat oker egin zituen defentsako lanak, eta zirrikitu horretatik sartuta egin zuten min zuri-gorriek. Batere sufritu gabe, bosgarren partida dute bilbotarrek puntuak pilatuz. Europako postuak hiru puntura dauzkate orain zuri-gorriek, eta jaitsiera postuak erabat urrundu dituzte. 19 partida zeramatzan, gainera, Athleticek ligako partidetan golen bat jasoz, eta horri ere kolpea eman zion atzo Iraizozek, oso partida ona eginda. Kritika hotsak isildu zituen nafarrak.
ATHLETIC 3. AT. MADRIL 0
«Itxoin Marcelo, itxoin»
Llorente belauna txikitzeko zorian egon da, aldaketa ere eskatu du hasieran, baina Bielsari itxoiteko eskatu, eta bi gol sartu ditu geroToquerok sartu du hirugarren gola, euripean, eta Europatik hiru puntura dago Athletic
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu