Itxura aldaketa baino gehiago

Lau t'erdian orain zazpi urte aritu ziren elkarren aurka Bengoetxea VI.a eta Xala, eta Lekuinekoa nagusitu zen, 22-17

unai zubeldia
Donostia
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Buru aldeari begiratzea nahikoa da aldaketaz jabetzeko. Aurpegierak ere ezin du ezkutatu errealitatea. Zazpi urte ez dira alferrik igaro. Galdetu 21 urteko gaztetxo bati 28 urte gutxi edo asko diren. Aldaketa horixe izan du Oinatz Bengoetxeak Bergaratik Leitzara arteko jauzian. Ives Salaberri Xala, berriz, 25 urteko ezker paretako hasiberria zen eta 32 urteko beterano handia bilakatu da. Bengoetxea VI.a eta Xala elkarren aurka ariko dira gaur Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian, Leitzan (Nafarroa), eta badaukate begiratu beharreko ispilu bat.

Izan ere, orain zazpi urte jokatu zuten Lau t'erdiko Txapelketan lehen eta azken aldiz elkarren aurka, Bergarako udal pilotalekuan; 2005eko urriaren 30a zen. Final-laurdenak ziren orduan ere —partida bakarra izan zen urte hartan, finalerdietan zegoelako ligaxka—, eta Xalak irabazi zuen, 22-17. Garaipenari esker, finalerdietako ligaxka jokatu zuen lapurtarrak, Titin III.a, Olaizola II.a eta Ruizekin batera. Bi partida irabazi eta bat galduta, bigarren postuan sartu zen finalean, eta 2005eko abenduaren 17an 22-5 galdu zuen Olaizola II.aren aurka, Donostiako Atano III.ean —finalerdietan 22-12 galdu zuen—.

Euri asko egin du ordutik, eta aldatu, ez da bi pilotarien itxura bakarrik aldatu. Leitzarra askoz pilotari osoagoa da egun, eta erakutsi du lau t'erdian min ikaragarria egin diezaiekeela aurkariei. Kaiolako txapelketa nagusian ezinean ibiltzen den arren, azken bi urteotan berak irabazi du Nafarroako Lau t'erdiko Txapelketako finala, Martinez de Irujoren aurka; 22-10 iaz, eta 22-12 aurten.

Xala, berriz, espezialista handia da aurreko koadroetan. Final bakarra jokatu du Lau t'erdiko Txapelketan, 2005eko hura, Olaizola II.aren aurka. Baina, urrutira joan gabe, finalerdietako ligaxka jokatu zuen 2004an eta iaz; azken postuan sailkatu zen bi kasuetan. Buruz buru (2011n) eta binaka (2002, 2007 eta 2010ean) lortu ditu txapelak eta balentriarik handienak, baina, joan den astean Arretxe II.aren aurka 12-22 galdu zuen arren, oso aurkari arriskutsua da Lekuinekoa. Erritmorik eta txinpartarik gabe jokatu zuen Xalak joan den ostiralean Hendaian, eta aste honetan onartu du min eman ziola porrot hark. Bengoetxea VI.ak, berriz, 22-13 galdu zuen larunbatean Olaizola II.aren aurka, Iruñeko Labriten, eta karranpekin amaitu zuen partida, izan zuen erritmo eta tentsio handiagatik.

2005ean, sakea erabakigarria

Bergarako eta Leitzako pilotalekuak ez dira berdinak; Bengoetxea VI.a eta Xala ere ez dira 2005eko berberak; final-laurden zuzenek ez daukate zerikusirik ligaxkarekin... Baina xehetasun txiki batzuk antzeman daitezke orain zazpi urteko partida aztertuta. 54 minutuko lehia gogorra izan zen Bengoetxea VI.a eta Xalaren artekoa, eta 247 pilotakada izan ziren guztira. Datu bat da argigarria: Lekuinekoak bederatzi tanto egin zituen saketik, eta hiru besterik ez zuen lortu leitzarrak. Biek falta bana egin zuten lehen pilotakadarekin; Xalak bi pasa egin zituen, eta Bengoetxea VI.ak bat. Sakeak desorekatu zuen partida orekatua.

Indarrean hasi zen nafarra 2005eko urriaren 30 hartan. Xalaren hoztasunari esker, 0-1 eta 1-6 jarri zen aurretik Bengoetxea VI.a, baina saketik egin zuen min lapurtarrak (7-6). Kolpeka aritu ziren 16-16kora arte. 9-13ko alde polita leitzarrarentzat; 13-13 segidan; 13-16 nafarra, berriz ere, aurretik; 16-16 Xalaren bi pareta eta sake onei esker... Hortxe lehertu zen Bengoetxea VI.a. Ordura arte pilatutako nekearen eraginez makal, partidaren azken zatian tanto bakarra egin zuen leitzarrak, eta eroso antzean nagusitu zen, azkenerako, Xala, 22-17.

Itxura aldaketa baino gehiago izan dute Bengoetxea VI.ak eta Xalak azken zazpi urteotan, baina gaurko partida garrantzitsua prestatzeko ispilu egokia izan daiteke orain zazpi urteko partida gogor hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.