Itxura eta estilo aldaketa

Lanta eta Deylauden agindupean hasi da Baiona lanean, aurreko sasoiko petoak ahazteko helburuarekin

Christian Lanta eta Christophe Deylaud, atzo, Baionaren kirol instalazioetan, kazetarien aurrean. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hasi dira lanean Christian Lanta eta Christophe Deylaud. Lantaren bibote beltza eta urteen poderioz soildu den kaskoa. Deylauden gorputz eta izaera zaintsua, urteek zuritutako buruaz jantzita. Azken urteetan Ageneko gida espiritualak izan diren bi entrenatzaileak hasi dira lanean beren talde berriarekin. Batek gozo-gozo hitz egiten die bertaratutako kazetariei. Besteak, urduri eta ataka batean ezarrita, galdera bat entzun orduko. Horrelakoak dira Lanta eta Deylaud. Estratega eta hiztun trebea lehena. Pasiozko eta nortasuneko gizona bestea.

Errugbiko munduan sona eta ibilbide oparoa dauka entrenatzaile bikoteak. Lanta da eskarmentu handien duena. Tolosan jokalari aritu ondoren, 1990eko hamarkadan ekin zion entrenatzaile ibilbideari, Parisko Racingen, eta Agenen urte askoan aritu da postu horretan. Deylaud 2000ko hamarkadan hasi zen entrenatzen, jokalari gisa bide ederra egin ondoren. Lantarekin topo egin zuen, Agenen. Ordutik, ez dira sekula banandu. Lantak aitzinekoak zuzenduko ditu, eta Deylaudek, gibelekoak.

Bi entrenatzaileekin batera, estilo berria iritsi da Baionara. Gauzak soseguz eta umiltasunez egin nahi dituzte bi entrenatzaileek. Denboraldi-aurrea biziki goiz hasi dute, atzo bertan, Top 14a abuztuaren 18an hasiko bada ere: «Goiz hasi nahi izan dugu, denbora behar dugulako geure jokoa plantan emateko. Joko kolektiboa osatu nahi dugu, eta denbora beharko dugu», azaldu du Lantak.

Iragan sasoian, Baionak gauzak handikiro egin nahi izan zituen, hego zein ipar hemisferioko izarrak fitxatuta. Joe Rokocoko, Neemia Tialata, Mike Philips... Izen handiak dira denak. Sasoi honetan, lehentasuna talde lana izanen da. Akabo izen handiak, aldi honetan itzaleko jokalariak fitxatu ditu Baionak: Ahotaeiloa, Senekal, Arganese, Spedding eta Lovobalavu. Ez dira oso izen ezagunak, baina gehienak bi entrenatzaileek nahikoa hurbiletik ezagututakoak dira: «Kalitatea dago jokalarien artean, eta fitxaketa hauekin taldean zeuden hutsuneak bete nahi izan ditugu».

Iragan sasoian iraultza izan zen taldearen esparru guztietan: jokalari berri anitz, entrenatzaile zein presidente aldaketak, polemikak eta liskarrak... Aldi honetan, Lanta eta Deylaudekin gauzak erabat zentzuz aldatu nahi dituzte. Bi entrenatzaileek denbora eta lasaitasuna eskatu diote Alain Afflelou presidenteari. Eta badirudi betaurrekogileak eskaerak entzun dituela: «Gauzak argi utzi ditugu denen artean. Iragan sasoian korrika aritu nahi izan zuen Baionak, baina nabari da gauzak lasaiago hartu nahi dituela orain. Eraikitzeko denbora beharko dugu».

Helburu zehatzik ez

Baionak ez dauka helburu zehatzik denboraldi honetarako. Iragan sasoian Afflelouk ozen erran zuen Baionak Heineken Kopa jokatu nahi zuela, eta deus hoberik helduz gero gustura hartuko zutela. Orain ez dago helbururik: «Harrokeria litzateke sasoia lehen sei postuetan bukatu nahi dugula erratea. Helburuekin itsutu ordez, denbora behar dugu oinarriak finkatzeko, eta epe ertainean gora begiratuko dugu».

Mezua argia da: lasaitasuna eta lana. Goiz hasi dira lanean, eta bi kontzentrazio eginen dituzte udan. Lehena, ekain bukaeran; eta, bigarrena, Baionako besten unean, uztail bukaeran: «Prestaketa fisikoa baztertu gabe, oso goiz hasiko gara errugbi entrenamenduak egiten. Gure jokoa sortu behar dugu», dio Lantak. Harrobiko gazte dezentek profesionalekin batera egingo dituzte entrenamenduak: «Ikusiko dugu nork daukan lehen taldean jarraitzeko maila. Egunero egongo gara harrobiko arduradunekin harremanetan». Umiltasuna, lana eta gazteen grina. Oinarri berriekin hasi da Baiona lanean. Zelaiak erranen du bide berrian asmatu duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.