Valentzia 1-Eibar 0

Itxura ona ematea ez da nahikoa izan

Eibarrek galdu egin du Valentziaren zelaian, bigarren zati txukuna egin badu ere. Maxi Gomezek lehen zatian sartutako golak erabaki du partida. 

jarraia175781.gif
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 4a
16:03
Entzun

Eibarrek kale egin du lehen itzuliko azkeneko partidan. Valentziaren zelaian ez du puntu alerik atera, 1-0 galdu baitu. Lehen zatiko 27. minutuan Maxi Gomez aurrelariak buruz sarturiko gola izan da erabakigarria. Armaginak ez dira gai izan emaitza iraultzeko, eta, ligaren erdia jokatu eta gero, 19 punturekin da sailkapenean Jose Luis Mendilibarren taldea. Lehen Mailan denetik, puntu kopuru eskasena du aurtengoa garai honetan; aurreko sasoian 22 puntu zeuzkan, eta aurrekoetan, 27, 26, 30 eta 27. 

Ondo antzean ekin dio partidari Eibarrek, baina berehala nagusitu zaio Valentzia. Gaitasun taktiko eta tekniko handia erakutsi du eibartarren presioa gainditzeko, eta, behin oztopo hori gaindituta, nahieran iritsi da Dmitrovicen areara, batez ere eskuin hegaletik. Maxiren golaren aurretik izan dituzte etxekoek aukera onak, baina kamuts ibili dira atearen aurrean. Eibar atzetik atera ezinda ibili da lehen zatiko minutu askotan, baloia erraz galtzen zuelako berreskuratu orduko; etxekoen presioagatik batzuetan, kalitate tekniko justua izateagatik beste batzuetan. Horixe izan da ezberdintasunik handiena gaurko partidan: etxekoak hobeak dira baloia hanketan Eibarrekoak baino, eta etekina atera diete azken metroetako jokaldiei: pase onak, zehatzak, buruz buruko jokaldi onak, jaurtiketa zitalak... Eibar ere hainbat bider ibili da Valentziaren area inguruan, baina ez du etxekoen kalitate teknikoa, eta makina bat aukera galdu ditu alferrik aukerak sortzeko. 

Lehen zatiaren amaierako minutuek iragarri dute bigarren zatia nolakoa izango zen: Valentziak atzera egin du defentsan, baloia Eibarri emanez, eta jabetza onak osatu dituzte Mendilibarrenek; gainera, presioa goian ondo egin du, etxekoei atzetik ateratzen utzi gabe. Horrelakoa izan da bigarren zatia ere, etxekoak atzean sartu baitira eta kontraerasoaren bila jokatu baitute. Ondo landu du jokoa Eibarrek, eta izan ditu aukera on batzuk. Jaume Domenech atezainak bikain urrundu du kornerrera Pedro Leonen jaurtiketa, baita Charlesen burukada ere. Garbiena Bigasek nahigabe egindako errematea izan da, korner batean, langara joan baita baloia. Bitartean, etxekoak partida erabakiko zuen bigarren golaren bila ibili dira, atzetik azkar eta bizi ateraz, baina, asmatu ez dutenez, estu antzean igaro dituzte azkeneko minutuak, emaitza estua zelako. 

Bukaera horretan, Eibarrek sortu du beste aukera on bat, baina, Enrich atetik gertu zenean, ez du jaurti, eta atzetik laguntzera zetozkion jokalariek pasea emateko aukera deuseztatu diote aurrelariari, denek aurrera egin dutelako, baloia eta Enrich baino aurrerago joanda. Epaileak amaiera adierazi aurretik, Paulo Oliveira kalera bota du, bigarren txartel horia aterata. 

Kontuan izanda Eibarri sei jokalari falta izan zaizkiola gaur lesioen eta zigorren eraginez, balioa eman behar zaio taldeak eman duen itxurari zelai zail batean. Nabarmentzekoa ere Miguel Atienza bigarren taldeko jokalariaren debuta Lehen Mailan; Sergio Alvarez ordezkatu du 65. minutuan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.