Itxura oneko kaiola txikia

Lau t'erdiko txapelketa inoiz baino motzagoa izango da, eta bigarren kanporaketan hasiko dira Xala eta Olaizola II.a

Lau t'erdian parte hartuko duten pilotariak, atzo, Bilbon egindako aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Sintesi ahalmena bertute handia da. Gauzen, ideien, osakinen eta abarren tamaina egokia aurkitzea ez da beti erraza. Kirolean ere soberakin asko egoten dira, txapelketa asko baitira beharko luketenak baino askoz luzeagoak. Lau t'erdikoan, berriz, badirudi pilota enpresek tamainarekin asmatu dutela. Ez dute nahita egin, binakako txapelketa maratoniano eta ustez errentagarriari tokia egiteko murriztu baitute kaiola, baina hamasei parte hartzailerekin —aurreko aldietan baino lau gutxiago— itxura ona du, eta zaila izango da lehen kanporaketan beste urte batzuetako partida desorekatuak ikustea.

EPELek antolatuko duen lau t'erdiko hamargarren txapelketa izango da, eta bi hilabete baino gutxiago iraungo du. Hilaren 7an hasiko da, Antzuolan, eta azaroaren 27an amaituko da. Finala inoiz baino goizago jokatuko da.2004an, esaterako, abenduaren 26an jokatu zen. Azken urteetan, berriz, abenduko bigarren edo hirugarren igandean jokatu izan da. Finala atzeratzerik egongo da, baina, asko jota, astebetez. Buruz burukoaren polemikarik errepika dadin eragotzi nahi dute enpresek, eta hortik aurrera ezingo da jokatu, «muga» jarri baitute arautegian, Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak azaldu zuenez.

Jokalari berri gutxiko txapelketa izango da, Mikel Idoate 2. Mailako txapelduna baita aurreneko aldiz jokatuko duen bakarra. Jokatuko ez dutenen artean Asier Olaizola da nabarmenena, urte askoren ondoren Asegarcek ez duelako hautatu. Zerrendaburuei dagokienez, iaz finalerdietako ligaxkan sarturiko lau pilotariak dira. Ligaxkak ikusmin handia sortzen du urtero, eta sistema mantendu dute finalerdietarako.

Aurkezpen lasaia egin zuten atzo BBKren Bilboko kultur aretoan, baina izan zuen polemika txikia ere. Enpresek iazko emaitzak kontuan hartu gabe hautatu dituzte final-zortzirenetan sartuko diren lau pilotariak. Bengoetxea VI.ak eta Retegi Bik tokia irabazia zuten, baina Olaizola II.a eta Xalari behetik hastea zegokien. Ruiz eta Berasaluze VIII.a izan dira kaltetuak, iaz final-laurdenetara iritsi baitziren. Salbideak azaldu zuenez, zerrendaburuak dira aurreko urteko txapelketako pribilegioei eusteko eskubidea duten bakarrak, eta «enpresa irizpideek» ere garrantzia izan dute. Gauzak garbi, gehienetan zintzotasuna da erabakiak hobekien azaltzeko bidea.

Finala non jokatuko den ez dute erabaki oraindik, baina babeslea Bizkaiko aurrezki kutxa dela kontuan hartuta, harrigarria litzateke Bilbon ez jokatzea. Asegarceko gerenteak, gainera, Bilbon gutxienez hiru partida jokatuko direla aurreratu zuen.

Adarrei dagokienez, final-laurden erakargarriak ikusteko aukera egongo da. Irujok Bengoetxea VI.a du atzean, Nafarroako lau t'erdikoko finaleko aurkaria. Titin III.ak eta Xalak topo egin dezakete, baita Olaizola II.ak eta Gonzalezek ere. Behe-behetik lau t'erdian oso ondo moldatzen diren aurrelari gazteak ariko dira. Atzo bi izenek hartu zuten indar gehien ezustekoa emateko hautagai gisa: Mikel Olaetxeak eta Mikel Idoatek. «Idoatek izugarri jokatzen du lau t'erdian». Titinek esana. Triciokoak adarrean du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.