Itxura oso ona emanda galdu du San Antoniok Atletico Madrilen aurka (37-31)

Nafarrek estu hartu dute etxeko taldea minutu askotan, baina azken txanpan behera egin dute

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antoniok ezin izan zuen atzo hiru egun eskasetan bigarren ezustekoa eman, eta 37-31 galdu zuen Atletico Madrilen aurka, Asobal ligako 14. jardunaldian. Iruñeko taldeak konfiantzaz lepo egin zuen Madrilerako bidaia joan zen igandean Caja3 Aragoiren etxean garaipen bikaina lortuta, baina Atletico Madril ez da Caja3 Aragoi. Ligako bi oilarretako bat da —Bartzelona liderra da bestea—, eta zaila, oso zaila da maila apalagoko talde baten aurka huts egitea. Eta atzo argi geratu zen, partida eskasa jokatu eta aurkariak estu hartu arren, nagusitasunez irabazi baitzuen.

Galdu arren, Amaya Sport San Antonioko jokalariek, burua tente egingo dute itzulerako bidaia. Oso itxura ona eman zuten, eta pistan, behintzat, ez zen ustez bi taldeen artean dagoen alde handia nabaritu. Partidako azkeneko bost minutuak iritsi arte ez zen hautsi partida (32-29). Orduan jo zuen kolpea etxeko taldeak, kolpe erabakigarria. Juanto Apezetxeak zuzendutako taldeak larunbatean amaituko du lehen itzulia, etxean Valladolid hartuta. Bisitaria da faborito, baina azken bi partidetan egindakoa errepikatuz gero, San Antoniok aukera asko izango lituzke irabazteko.

Anaitasuna Galizian ariko da

Helvetia Anaitasunak, berriz, gaur jokatuko du, Vigon (Galizia), Academia Octavioren aurka. Iruñeko taldeak lasaitua hartu zuen azken jardunaldian etxean Antequerari irabazita. Orain lau puntura du jaitsiera, eta horrek arnas pixka bat hartzeko balio dio. Hori bai, ezin da lasaitu, sailkapena oso estu baitago erditik behera.

Hain zuzen ere, sailkapeneko erdiko postuetan dago Academia Octavio, bederatzigarrenean, hamabi punturekin, Anaitasunak baino hiru gehiagorekin. Galiziako taldea oso sasoi ona egiten ari da, eta gotorleku bilakatu du Das Travesas pabiloia. Datu bat: bertan jokoan egon diren hamabi puntuetatik bederatzi eskuratu ditu. Gotorleku horri eraso egiten saiatuko da gaur Anaitasuna. Jose Manuel Garcia Pocholo eta Miguel Goñi ez dira ariko nafarren artean. 20:45ean hasiko da lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.