Miarritzek oso hurbil izan zuen, atzo jardunaldi honetako kolpea. Racingen etxean partida oso serioa jokatu zuen, baina puntu bakar batengatik galtzaile atera zen (13-12). Pariskoek izugarri sufritu zuten partida bukaeran, haien emaitza mantentzeko. Castresen etxean aise galdu ondotik, burua altxa zuen Miarritzek, eta garaipena merezi arren, defentsako puntuarekin konformatu behar izan zuen. Partida on horren ondotik, hurrengo igandean Anoetan jokatuko duten derbira sasoiko iritsiko dira miarriztarrak.
Atzoko partida, lehen hamar minutuetan galdu zuen Miarritzek. Etxekoek markagailua ireki zuten, zigor kolpe bati esker. Horren ondotik, Babyk ez zuen bere iniziatiba onena izan. Racingeko defentsaren gainetik ostiko txiki bat bota zuen, bere 22 metroetan zelarik. Baina ostikoa gaizki jo zuen, eta Saubadek harrapatu eta entsegua sartu: 10-0.
Hasiera txar horren ondotik, Miarritzek jokoa eremu txikian lotu zuen. Racing erasoan hegaletara joaten saiatu zen, baina Miarritzeko defentsak ederki gibelarazi zituen paristarrak. Lapurtarrak, haien indar fisikoari esker, partidara itzuli ziren. Racing defentsan sufritzen ari zen. Miarritze ongi antolatuta zegoen, eta Peyrelonguek bere taldea partidan sartu zuen, zangoz: 13-12.
Azken hamar minutuak Miarritzerenak izan ziren. Bere taktikari fidel, eremu txikian eta aitzineko jokoan Racing estu hartu zuen. Parisek zuen guztia utzi zuen, eta estu eta larri ibili zen emaitzari eusteko. Peyrelonguek aukera izan zuen Miarritzeri garaipena emateko. Baina, erabat akituta, motelegi jo zuen azken ostikada. Azkenean, garaipena Parisen gelditu zen.
Gernika eta Hernani, irabazle
Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Bizkaia Gernikak eta Hernanik irabazi egin zuten atzo etxean: bizkaitarrek 51-14 El Salvadorri, eta gipuzkoarrek 26-24 Cisnerosi. Getxo Arteak, ordea, galdu egin zuen Valladoliden (Espainia), Quesos Entrepinaresen aurka (34-17). Ampo Ordiziak gaur jokatuko du, La Vilaren zelaian (12:30).
Itxura serioa emanda galdu du Miarritzek Racingen aurka (13-12)
Lehen minutuetan 10-0 gibeletik joan ondotik, partidara itzuli dira lapurtarrak, baina errematea falta izan zaie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu