Golak: 1-0: Saulek (59. min.); 2-0: Diego Costak (penaltiz, 72. min); 2-1: Joseluk (penaltiz, 92. min.)
Celtaren aurkako bizkarrekoaren eta Osasunaren aurkako porrotaren ostean, gutxienez itxura hobea ematea zuen helburu Alavesek Wanda Metropolitanon. Asier Garitanoren taldeak lortu du bere helburua, baina ez dio balio izan hiru puntuak patrikaratzeko. 2-1 galdu du Atletico Madrilenn aurka. Etxekoen golak Saulek eta Diego Costak sartu dituzte, azken horrek penaltiz lortu du Pachecoren atea zulatzea. Alavesek ere penaltiz lortu du bere gola, 92. minutuan. Partida amaitzear zen, eta arabarrek ez dute denborarik izan partida berdintzeko. Gutxienez, atzetik datozen aurkariek, Mallorcak eta Legenesek, galdu egin dute, San Mamesen eta Sadarren, hurrenez hurren. Horri esker, jardunaldi bat gutxiago falta da, eta Alavesek gertuago du salbazioa. Nahiz eta azken hiru neurketak galdu egin dituen.
Garitanok goitik behera aldatu du hamaikakoa, bederatzi jokalari berri zelairatuz. Wanda Metropolitanon jokatzen diren neurketak itxiak izan ohi dira, aukera gutxikoak. Hala izan da oraingoan ere. Alavesek ondo eutsi dio Atletico Madrili, eta distirarik eta ia aukerarik gabekoak izan dira lehen 45 minutuak. Itxura lehiakorra eman du, dena den, Garitanoren taldeak. Bigarren zatia ere antzera hasi da, Simeonek Llorente zelairatu duen arte. Alaveseko jokalari ohiak partida aldatu du etxekoentzat. Denboraldi ia osoan aukera gutxi izan dituen arren, azken neurketetan sasoi betean dagoela erakutsi du. Korrikaldi batean, Adrian Marin atzean utzi, eta falta egin diote. Tripperrek bigarren zutoinera atera, eta Saulek ondo errematatu du sareetara (59. min.). Ordu erdi zuen aurretik Alavesek partida iraultzeko, baina Atletico Madrilek gola egiten duenean zaila izaten da norgehiagokari buelta ematea. Burkek gertu izan du 64. minutuan, baina haren burukada gutxigatik joan da kanpora. Hori izan da abagune argiena.
Pachecok pare bat gelditu on egin ditu, Baina 71. minutuan Simeoneren taldearen bigarrena ailegatu da, Elyk Llorenteri egindako penalti oso eztabaidagarri batean. Diego Costak hartu du penaltia jaurtitzeko aurdura, eta ez du huts egin (72. min). Bi gol atzetik, maldan gora jarri zaie neurketa arabarrei, baina ez dituzte besoak jaitsi. eta borrokan segitu dute. 92. mintuan Kokeri baloiak eskua jo, eta epaileak penaltia adierazi du, VARak erabakia berretsi eta gero. Joseluk egin du gola, eta ia beste aukerarik gabe amaitu da neurketa.