Ez Samantha Stosur, ez Francesca Schiavone. Ez bata ez bestea ez ziren ageri Roland Garros irabazteko faboritoen artean orain ia bi aste Parisko lur harrotuan lehia hasi zenean. Serena eta Venus Williams eta Justine Henin; horiek ziren denen ahotan bolo-bolo zebiltzan izenak. Hitz gutxi australiarraren inguruan, eta bat bera ere ez italiarraren inguruan. Itzalean zeuden biak. Lehiaketak, baina, argitara eraman ditu, lehiaketak, eta, batez ere, urteko bigarren Grand Slam torneoan egiten ari diren lan bikainak. Horren erakusle, finalean ariko direla bihar. Atzo sailkatu ziren biak. Schiavonek Elena Dementievari irabazi zion, eta Stosurrek Jelena Jankovic serbiarrari.
Australiarrak eta italiarrak lehen aldiz jokatuko dute torneo handi bateko final bat. Ez da izango egingo duten marka bakarra. Schiavone izango da hain urruti iritsi den lehen emakumezko italiarra. Stosurrek, berriz, 30 urteko lehortearekin amaitu du. 1980tik ez zuen Australiako emakumezko batek Grand Slam bateko finala jokatzen. Urte hartan bi jokalarik lortu zuten: Wendy Turnbullek Australiako Irekikoa galdu zuen, eta Evonne Goolagongek Wimbledonekoa irabazi.
Ez Schiavonek ez Stosurrek ez zuten izerdi asko bota behar izan azken-aurreko galbahea gainditzeko. Italiarrak, adibidez, set bakarra jokatu zuen, lehen seta bukatu bezain pronto Dementieva erretiratu egin baitzen, min hartuta zegoela argudiatuta. Errusiarraren erabakiak ustekabean harrapatu zituen pista nagusian bildutako asko, ordura arte Dementievak ez zuelako egin min keinurik. Lehen set hori tie-break-ean galdu izanak, halere, izango zuen eraginik partida uzteko erabakian. Ziurrenik errusiarrak ez zuen ikusiko bere burua gai partidari buelta emateko.
Schiavone 70 minutuko partidan nagusitu zen. Hamar minutu gutxiago behar izan zituen Stosurrek. Hark bai lortu zituen irabazteko beharrezkoak diren bi setak, dotore, eta uste baino estutasun gutxiagorekin. 6-1 eta 6-2 izan zen azken emaitza. Argigarria oso, australiarraren nagusitasuna bezain argia. Stosurrek ez zion aukerarik eman Jankovici. Henini eta Serenari, torneoa irabazteko bi hautagai nagusiei irabazi izanak emandako konfiantza lagun, joko erakustaldia eman zuen. Stosur nahierara, eta Jankovic ezinean, erauntsiari nola aurre egin asmatu gabe.
Gaur, gizonezkoen finalerdiak
Gizonezkoetan, berriz, gaur jokatuko dira finalerdiak. Lehenbizikoan Robin Soderling suediarra eta Tomas Berdych txekiarra ariko dira, eta bigarrengoan, Rafa Nadal balearra eta Jurgen Melzer austriarra.
Soderling eta Nadal dira faborito finalerako sailkatzeko, bigarrena batez ere. Balearrak atzean utzi ditu iaz izan zituen arazo fisikoak, eta sasoiko dago. Azken asteetan lortu dituen estatistikak ikusi besterik ez dago: hogei partida daramatza irabazita jarraian lur harrotuan, hiru Masters 1.000 irabazi ditu eta ez du set bakar bat ere galdu Roland Garrosen. Konfiantzaz lepo dago, iaz sufritutakoa ahaztu eta bosgarren aldiz Roland Garros irabazteko asmoz. Hori lortuta, Bjorn Borg suediarraren marka berdinduko luke. Ez dirudi asmo horretan Melzer oztopo handia izango denik, Parisen ederki ari den arren —Novak Djokovici irabazi zion final-laurdenetan—, austriarra Nadal baino koska batzuk beherago baitago. Estatistikak ere balearraren aldekoak dira: bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan nagusitu da.
Beste finalerdian, ordea, ez dago hain garbi norentzat izango den garaipena. Soderling da faborito bigarren urtez jarraian finala jokatzeko, are gehiago final-laurdenetan Roger Federer iaz titulurik gabe utzi zion jokalaria kanporatu ostean. Suediarrak, halere, tentuz ibili beharko du, Berdych oso aurkari arriskutsua baita. Txekiarra da, hain zuzen ere, Nadalekin batera Roland Garrosen set bakarra galdu ez duen bakarra. Bi jokalariok zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka: lautan nagusitu da Soderling, eta hirutan Berdych.
Itzaletan hasi, argitan amaitu
Francesca Schiavonek eta Samantha Stosurrek jokatuko dute bihar Roland Garros torneoko finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu