Aukera, erronka eta atsedena. Hiru aste atzera bukatu zen ACB ligako lehen itzulia, baina Espainiako Kopak finkatzen du denboraldiko lehen erdia eta bigarrena. Zortzi taldek ez dute atsedenik izango, eta beste hamarrek bai. Batzuk ondo hartuko dute, besteek ez hainbeste. Bi euskal talde ariko dira Madrilen. Baskoniak bere irregulartasunari bukaera eman ezinik jokatuko du, etxetik kanpo emaitza bolada txarrean murgilduta. Kopa aukera ona da, taldea gainditu ezinik dabilen gabezia horiek gainditzeko. Bilbo Basketentzat, aldiz, erronka da. Kopa irabazteko hautagai denik ezin esan, Baskonia, Bartzelona eta ziurrenik Real Madrili irabazi beharko liekeelako, bata bestearen atzetik. Animikoki ez dira une gozoenean iritsiko bizkaitarrak, bi partida jarraian galdu ostean, baina zer galdu gutxi dute, eta zer irabazi asko. Astebeteko atsedena hartuko du Lagun Arok, zoritxarrez. Edo zorionez. Egindakoa lasai aztertu eta egindako okerrak errepika ez daitezen. Eskerrak hausnarketa hori Menorcari irabazi ostean etorriko den. Hala izan ez balitz, bi aste hauek oso-oso luzeak izango lirateke. Kopak erdibitu egingo du liga, eta euskal taldeentzat, aholku bat: itzali, gelditu, eta piztu. Alegia, hasi. Ordenagailuak bezala.
Hamaikagarrena. Kolpea, Baskoniarentzat. Berriro hiru garaipen jarraian lortzeko aukera, eta berriro ere kale. Gauza jakina da Kanaria Handia plaza zaila dela, eta etxekoak gogor aritzen direla, baina Baskoniak irabazi egin behar zuen. Zalantzak uxatze aldera, jokalarien estimua handitzeko. Eta galdu egin zuten. Azken unean, baina hirugarren laurden txar-txarra egin ondoren. Atsedenaldian hamar puntuko aldea lortu duen taldeak, 27 puntu bakarrik jaso dituen taldeak, ezin dituelako 28 hartu hamar minututan! Kritikatzen hasi, eta izen eta abizenak esan behar dira. Stanko Barac galduta dabil Esteban Batista iritsi zenetik, eta David Logan gaizki aritu zen berriro, Panathinaikosen aurka nahiko txukun aritu ostean. Marcelinho Huertas ere justu samar dabil azken astetan. Pau Ribas eta Brad Oleson, aldiz, hobetzen ari dira, baina ez da nahikoa. Kanaria Handiko porrotetik, egoera bitxi bat: Jaycee Carrollen azken saskiratzea jabetzako erlojuak 0 jartzen zuenean izan zen, baina argi gorririk ez zen piztu. Baskoniako jokalariek, ordea, apenas egin zuten protestarik. Kolpea oso gogorra izan zen erakusle. Garaipenaren grina behar adinakoa ez delako ere izan liteke.
Eskerrak. Menorcak bigarren zatian egin zuen joko onari errematea ez zion eman. Eman izan balio, oso bestelakoa bailitzateke analisi hau. Pentsa: zortzigarren porrota jarraian Lagun Arorentzat. Aurkari zuzen baten aurka, eta hamabost puntuko aldea pikutara bota ostean. Alarma guztiak pizteko koktel aproposa. Eta orain zer? Hamabi garaipen bilatu behar ditu lehenbailehen, poltsikoa ez baitago dirua solte gastatzeko moduan. Taldea airean dabil, urduritasunak eta antsietateak jota, eta horrela zaila da taldeak nola erreakzionatuko duen jakitea. Jimmy Baronen hirukoak sartu edo sartzen ez diren bezala. Estudiantes eta Manresa dira hurrengo bi arerioak. Madrilgoak aski zaila dirudi, baina bi aste luze dituzte partida hori ondo prestatzeko. Nikoloz Tsikitixvilik eskertuko du atsedena, jaioterrian indarrak berritzeko.
Infernutik zerura. Bilbo Basket Eskoziako eguraldia bezala da. Eguzkitsua eta epela goizean, lainotua eta freskoa eguerdian, eta euritsua eta hotza gauean. Madrilgo lehen lau minutuak jokatu eta markagailuan 16-4koa ikusi zuena aho bete hortz geratuko zen. Kontua bizkaitarrek ondoren lan bikaina egin zutela da. Batean Kostas Vasileiadis, gero Chris Warren, Dimitrios Mavroeidis baloi oro bereganatzen... Ederra izan zen lehen zatiko azken hamasei minututan egin zuen lana, azken hogeitan egin zuen joko txarra egin izan ez balu. Orain ondo, orain gaizki. Bizkaitarrei Real Madril garaitzeko beldurra sartu zitzaiela esan daiteke, ez baita erraz ulertzen aukera ematen dizun talde handi bati horrela barkatzea. Galdera taldeko zale guztiek egiten diote bere buruari? Zein Bilbo Basket ikusiko dute Kopan? Dakiena aberats!
Zonakako defentsa
Itzali eta piztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu