Hiruren gose, eta bakarrarekin ase behar. Puntuak biltzen hasita, ez ditu nahi zituenak lortu Realak. Bana berdindu du Levanteren aurkako partidan, eta sari eskasarekin itzuliko da Herrialde Katalanetatik. Txuri-urdinek indartsu hasi dute neurketa, baina itzaliz joan dira, eta lehen zatiko suhartasunak ahaztuta sari eskasarekin konformatu behar izan dute partidaren amaieran.
Imanol Alguacilek sei aldaketa egin ditu azken partidako hamaikakoarekin alderatuta. Hasieran ondo atera zaio apustua. Bizi hasi da neurketa, eta Reala izan da jokoari gatza gehitzeaz arduratu dena. Ezbairik gabe, garaipena izan du jomugan, eta partidaren pisua bere bizkar hartu du lehendabiziko minutuetatik. Garaipena behar zuen aurreko jardunaldian erakutsitako hobekuntza berretsi eta Europarako xendari eusteko, eta goseti ekin dio partidari.
Hala, hirugarren minuturako lehen aukera izan du Donostiako taldeak. Ezker hegaletik antolatutako jokaldi batean, Mikel Oiartzabalek ondo erdiratu du, eta Alexander Isakek ezin izan du baloia errematatu. Lehen abisua izan da.
Izan ere, 12. minuturako aurretik zen Reala. Oiartzabal eta Isak ondo baino hobeto moldatu dira elkarrekin, eta ez dute asko iraun 0-1ekoa egiteko. Minutu batzuk lehenago bezala, eibartarrak ezkerraldetik erdiratutako baloia ederki jo du Isakek, eta aurretik jarri ditu bisitariak. Pozak gutxi iraun dio Realari, ordea. Izan ere, ordura arte deus gutxi egin duen arren, Levantek gola sartu du ezerezetik. Jose Luis Moralesek zelai erditik aurrera jaso du baloia, eta asmatu egin du txuri-urdinen atearen aurrean. 16. minutua zen.
Hortik aurrera, Realak eutsi egin dio zelaiko nagusitasunari, baina azken metroetan asmatu gabe. Lehen zatian %72ko baloi jabetza izan duten arren, ezin izan dute aurkariaren atea bigarrenez zulatu, eta ez arriskurik sortu ez dutelako. Atsedenaldiaren aurreko jokaldian, izugarrizko aukera galdu du Cristian Portuk; aurrelaria bakar-bakarrik geratu da Aitor Fernandezen aurrean, baina kanpora bota du baloia, Isakek zailena egin eta izugarrizko pasea eman ostean. Suediarra bikain aritu da lehen zatian.
Bigarrenari antzera ekin badio ere, Realaren txinparta itzaliz joan da minutuek aurrera egin ahala. Baloi jabetza handiagoa izanagatik, erasoan hutsal aritu dira gipuzkoarrak, eta taldea geroz eta bareago aritu da.
Norabide aldaketa
Indar korrelazioa aldatu egin da hurrengo minutuetan, eta zelai erdiko borrokan nabaritu da hori. Zeresan berezia izan du horretan Realaren sistema aldaketak. Imanolek Igor Zubeldiaren eta Diego Llorenteren zelairatu ditu Martin Zubimendiren eta Martin Odegaarden lekuan, eta taldeak urrats bat atzera egin du, Levanteri zelaian lekua irabazteko modua emateraino.
Kontuak horrela, etxeko taldea erosoago aritu da norgehiagokako azken zatian, eta azken ordu laurdenean estutu egin ditu Realekoak. Area ertzetik eta geldikako jokaldietan egindako saialdiek ez diete balio izan, baina txuri-urdinak urrundu dituzte Aitorren areatik, eta horrek ere balioa zuen valentziarrentzat.
Levantek aurrera egin badu ere, Realak ez du estutasun askorik izan atzeko lerroan. Erasoa salduta, segurtasuna bereganatu du. Txuri-urdinek, azkenerako, puntu bat onetsi dute. Besterik ezean, galtzea baino hobea da, baina aurkariak ez daude deus oparitzeko. Ezta Europarako lehian ere.