Itzalpeko artista

Europako jokalari osoenetakoa da Dimitris Diamantidis, baina inoiz ez du beste izarren onarpenik jaso. Euroligako defentsa jokalari onena izendatu dute bost aldiz jarraian, eta bi aldiz irabazi du Euroliga.

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ez da ikusten, baina hor dago beti. Ez da jokaldi ikusgarriak egin zalea, baina sarri erabakigarria izaten da. Izar bat da, baina haren lorpen zerrenda eta kirol ibilbideko distira ez datoz bat. Ez dago kirolari onenen olinpoan, baina mito bat da. Grezian eta Europa osoan. Dimitris Diamantidis (Kastoria, Grezia, 1980) Panathinaikoseko izarra da: denetik egiten duen mutila, denetarako balio duen jokalari puska. Gasteizen badute dagoeneko haren tokia betetzen duen beste aurkari gorrotatu bat. Greziarra hori ere: Theodoros Papalukas. Olympiakoseko jokalaria, ordea, gain behera doa, eta ez harritu Diamantidisek herrikidearen lekukoa hartzen badu.

Diamantidis Papalukas baino nobleagoa da. Ez da probokatzailea, baina beste arlo guztietan maisu handia da. 1 eta 2 posizioetan jokatzen duen joko antolatzaile garai bat da, 1,96 metro luzean, eta burua da haren dohain garrantzitsuena. Diamantidisek aginte makila eramaten du, aparta da barneraldietan, iaioetan iaioa asistentziak ematen, borrokalaria erreboteak bereganatzen, eta odol hotzekoa parean dituen guztiei baloiak erre egiten dienean. Gutxik dakite berak bezala erabiltzen blokeoa eta jarraipena, batez ere Mike Batiste morroskoa alboan duenean.

Lore horiek guztiak, baina, txiki geratzen dira hurrengo estatistikaz jabetu ondoren. Diamantidis Euroligako defentsa jokalari onena izendatu dute bost urtez jarraian. 2004-2005 denboraldian hasi, eta aurreko sasoira arte. Bistan da beste inork ez duela halakorik lortu, eta lortuko duen norbait jaiotzen bada urteak eta urteak pasatuko direla Diamantidisen balentria errepikatzeko. Beso luzekoa da Diamantidis, baina, esan bezala, azkarragoa du burua, eta amesgaiztoa bihur liteke parean duen joko antolatzailearentzat. Kirol ibilbidean bi baloi bereganatu ditu partidako, eta horrek lapur bikaina dela esan nahi du.

Diamantidisek 13 zenbakia darama elastikoan, baina haren goitizenak hiru zenbakiarekin du zerikusia: 3D deitzen diote. Ekuazioa erraza da: Defentsa, Dimitris eta Diamantidis. Hiru dimentsioko jokalari gisa ere defini daiteke, dena edo ia dena egiten duelako ondo. Bilatzen hasi, eta ematen duen baloi kopurua da greziarraren tatxa bakarra: ia hiru ematen ditu partidako. Bestelakoan, onak dira Diamantidisen zenbakiak: ia hamabi puntu, lau errebote eta 5,7 asistentzia partidako. Haren balorazioa ere aintzat hartzeko modukoa da: 17,8 puntu partidako.

Panathinaikoseko arima

Panathinaikoseko jokalari zerrenda aztertzen hasi, eta beldurtu egiten da edonor. Aleks Maric, Mike Batiste, Antonis Fotsis, Drew Nicholas, Milenko Tepic, Romain Sato, Kostas Tsartsaris… Horiek guztiek, ordea, lemazain bakarraren aginduetara jokatzen dute: Diamantidis kapitaina. Hark erabakitzen du jokaldia, zer egin, baina klasikoetan klasikoak dira barneraldia hasi eta asistentzia emanda edo blokeo eta jarraipenaren bitartez lortzen duen abantaila.

Normalean Marcelinho Huertasek arduratu behar luke Diamantidisen zaintzaz, baina brasildarra ahul samarra da defentsan, eta litekeena da Dusko Ivanovicek Fernando San Emeterio bera, Brad Oleson edo Pau Ribasen alde egitea. Antzeko gorpuzkera sendoa duen norbait behar da, baina azkarra eta bizkorra ere bai. Hala ez bada, azkar bukatuko da Buesa Arenako emaitzaren zalantza. Bukatzeko, saskibaloiaz zer edo zer badakien izen baten iritzia. «Diamantidis taldea da. Bera da Panathinaikoseko arima, eta arima hiltzen baduzu, asko irabazten duzu». Valentziako Svetislav Pesic entrenatzailearena da esana. Irakurri nahi duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.