Urteroko kontu bera dela esango dute batzuek. Mendate batzuk edo besteak, Giroko denak, edo gehienak direla sekulako paretak, mendatetzarrak, tente-tenteak. Giroko ibilbide denak, ordea, ezberdinak dira. Mendate ezagunenak igota ere, bat bestearekin batera jarri, astebete lehenago edo geroago jarri, etapa laburragoan edo luzeagoan jarri, bilakaera ezberdina da. Paris-Roubaix eta Flandesko Tourrak ibilbide bera izaten dute urtez urte, baina oso erakargarriak dira txirrindularitza zaleentzat.
Giroa bezala. Antolatzaileek ahalegin handia egiten dute ibilbidea erakargarri egiteko, jakin bai baitakite hiru itzuli handien artean euren proba dela menditsuena, beraz erakargarriena, izateko aukera. Txalotzekoa da haien lana, bete-betean asmatu dutelako berriro. 2006. urteko Giroko ibilbidea itzela da, ikusgarria eta parerik gabea. Frantzian eta Espainian Italian dauden mendaterik ez dagoela esango dute mingain gaiztoek. Egia edo aitzakia? Giroko ibilbidea osatzen dutenei bost axola horrek eta zaleoi ere bai.Xehetasun orokorrei dagokienez, honakoa: 3.553 kilometro izango ditu Giroak, 21 etapa (bat bi sektoretan banatutakoa), eta maiatzaren 6an hasiko da Belgikan, Seraing hirian. Bukatu, aldiz, maiatzaren 28an bukatuko da, ohi legez, Milanen, baina ez beti bezala, etapa lau batekin. 11 kilometroko kronoigoera jokatuko da goizez eta 116 kilometroko saio laburra arratsaldez. 10 etapa lauak edo mendate handirik gabekoak izanen dira, lau nahiko menditsuak eta lau, oso menditsuak, gainean bukatuko diren etapa adina, hain zuzen ere. Erlojupekoak ere aurreko urteetan baino garrantzi gehiago izanen du. Bakarka 67 kilometro izanen dira denera eta taldeka 38.
Belgikan hasi eta Alpetan eta Dolomitetan bukatu
Giroko babesle nagusiak, La Gazzetta dello sport kazetak, 110 urte betetzen ditu eta hori ospatzeko eta Giroa Europan ezagunagoa egiteko Belgikan hasiko da. Lau egun egingo ditu Giroak Belgika eta Flandes artean. Atseden egunaren ondoren, Italia erdian, Adriatikoan iparrerantz egingo du Giroak, eta hegoalde osoa bizkar utzi. Ia bigarren erdi osoa Alpeetan eta Dolomitetan egingo du Giroak eta zaleengan poza bezala, txirrindulariengan beldurra eragin du Giroko bukaera gaizto horrek.
Ulertzeko modukoa da beldur hori. Betiko mendate mitikoak ezezagunak eta gaizto-gaiztoak direnekin uztartu dituzte antolatzaileek. 8. etapan igoko da Giroko lehen mendate serioa, igandez: Passo Lanciano. 10 kilometroko igoera da, %7tik gorako batez bestekoarekin. Aldapa behera Colle San Carlorekin alderatzen badugu. Ez da gainean bukatuko, baina helmugatik zazpi kilometrora bakarrik dago. 10 kilometro da luze eta aldaparen batez bestekoa berbera: %10. Mendate berria, ezezaguna, baina ikusgarria.Ez da bakarra izango. Dolomitetan behin sartuta, Monte Bondone igo beharko dute aurrena, 16. etapan. Bondone Tourreko edo Vueltako mendi gogorrena bezain gogorra da, baina Giroan oharkabean pasako da. Horixe da Giroko aberastasuna, 18 kilometroko aldapa eta %8ko batez bestekoa txiki egiten dutela beste mendate askok. Plan de Corones edo Kronplatzek, esaterako. 2.273 metroraino goititzen da eta azken bost kilometroetatik lauk %12,5eko batez bestekoa dute. %24ko pendiz pikoak ere bai. Ikusgarria! Etapa horretan Passo di Pinei eta Passo delle Erbe igoko dituzte azken horma baino lehenago.Zer esan 19. eta 20. etapez, Dolomitetako bihotzean. Marmolada eta Pordoi, berotzeko, eta San Pellegrinon helmuga. Azken sei kilometroetatik lau %10etik gora. Eta hurrengo egunean, Giroa bukatu bezperan, Gavia eta Mortirolo!!! Txirrindulariek pasako dituzten komeriekin gogoratzea ez dago sobera, baina zaleon ikuspuntutik zalantzarik ez batere. Congratulazioni Giroari!
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Itzela, ikusgarria, parerik gabea!
2006ko Giroak ederra izateko osagai denak ditu; menditsua da oso, eta mendate mitikoak eta ezezagunak uztartu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu