Itzuli bat, talde bi

Athletic oso gaizki aritu zen Betisen aurka San Mamesen, baina ordutik itxuraldatu egin da Bielsaren taldea

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
San Mamesen historiarako geratuko den gaua bizi zen joan zen asteartean. Beste bat. Athleticek Espainiako Kopako finalerako sailkatu zen. Lorpen handia. Txapelketa bat irabazteko aukera emateaz gain gazte asko Athleticera gerturatuko dituelako. Jakinekoa baita irabazita errazago sortzen dela sentimendua. Hori gutxi ez, eta datorren sasoian Europan lehiatzeko txartela bermatu zuen Marcelo Bielsak zuzendutako taldeak.

Denboraldi askotan lortzerik izan ez duena sasoi erdia bete orduko lortu du talde zuri-gorriak. Gozo dago taldea, eta gozo ingurua. Baina zuri-gorriak ezin dira orain arte egindakoarekin konformatu. Lehiatzen jarraitu behar dute. Hazten. Hobetzen. Zer lortu badago eta. Bigarren itzulian gauzak ondo eginez gero, Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortzeko borrokan egon daitezke sasoi bukaeran. Laugarren postua dute begiz jota bilbotarrek. Bilbotarrek eta beste dozena erdi taldek. Helburu beretsuekin dauden taldeen maila aintzat hartuz gero, Bielsaren jokalarien aurretik beste batzuk egon beharko lirateke lehia horretan. Baina jokoz, Athletic da, Espanyolekin batera, Valentziaren atzetik geratzeko hautagai nagusia.

Behetik gora datorren taldea da Athletic. Zuri-gorriek eta Betisek, gaurko aurkariak, lehen itzulian jokatu zuten norgehiagokan ikusitakoa eta ordutik gertatu dena aztertzea nahikoa da horretaz konturatzeko. Betisek hankapean ibili zuen Athletic San Mamesen. 2-3 irabazi zuen, baina berdegunean ikusitako aldea markagailuak erakutsi zuena baino dezentez handiagoa izan zen. Athleticeko jokalariak galduta ibili ziren zelaian. Bielsak eskatzen ziena ulertu eta barneratu ezinda aritu ziren. Irailaren hirugarren astea zen, eta dagoeneko kolokan zegoen Bielsaren proiektu berria. Argentinarrak futbola ulertzeko duen erak ez zuela Athleticen arrakastarik izango pentsatzen hasiak ziren jarraitzaileak. Hirugarren jardunaldia izan arren, klubeko agintari berriak ere kezkatuak zeuden oso. Baina bost hilabete geroago argia da iluna zirudien etorkizuna. Itxuraldatu egin baita Athletic. Lehengai ona edukiz gero. edozein taldetan edozein jokamoldek balio dezakeela berretsi da. Eta Athleticek jokalari onak ditu. Gazteak, dohatsuak eta garaipen gosea dutenak. Eta kuadrilla horretarako teknikari aproposa fitxatu dute: Bielsa, irabazlea eta langilea neurri beretsuan. Gaur elkarren aurka ariko diren bi taldeak lehiatu zirenetik bi aldiz baino ez du galdu ligan Athleticek —Malagaren aurka (1-0), irailaren 21ean, eta Real Madrilen kontra (4-1), urtarrilaren 22an—. Beraz, bistan da nekeza dela egungo Athletici eskua sartzea.

Betisen ibilbideak ez du zuri-gorrienarekin zerikusirik izan. Gorabeheratsuagoa izan da. Sasoia indar handiarekin hasi ostean —lider izan zen lehen jardunaldietan—behera egin du nabarmen. Hasieran alde zuen dena kontra du egun Betisek. Futbol erakargarria egiten ahalegintzen da Pepe Melek zuzendutako taldea. Baloia oinarri hartuta irabaztea du helburu. Baina bolada txarra hasi zenetik, asko ari zaio kostatzen egoerari buelta ematea. Ez baita erraza odol jarioa etetea.

Iñigo Perez, Herreraren ordez

Egun jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago Betis. Egoera ez da ona eta urduri daude Beñat, Ustaritz eta enparauak. Baina horrek ez du esan gura Athleticek lan erraza izango duenik gaur Benito Villamarinen. Zuri-gorriek orain arte erakutsitako maila beretsuan jarraitu beharko dute irabazteko. Horretarako, ezinbestekoa izango da Kopa lehenbailehen burutik kentzea. Maiatzera arte alde batera utzi behar den lehiaketa da. Bigarrenez, orain arteko gosea erakusten jarraitu beharko dute zuri-gorriek. Lehen minututik aginte-makila hartzen ahalegindu beharko dute. Eta, hirugarrenez, gertutik zaindu beharko dituzte Betiseko erasoko jokalariak. Melek Jonathan Pereira eta Ruben Castro zelairatzeko asmoa agertu du. Bada, lehen itzulian jokalari azkarrek erotu zituzten Athleticeko atzelariak. Azkar eta ondo moldatu ziren San Mamesen. Bielsak aldaketa bakarra egingo du Betisen aurka jokatzeko, derrigor egin beharrekoa, gainera. Izan ere, Ander Herrerakpartida bateko zigorra bete beharko du, txartel pilaketa dela eta. Iñigo Perezek ordezkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.