Athletic zale batentzat San Mamesen jokatzea bezala da niretzat Euskal Herriko itzulian korritzea. Hiru Txapeldunen Liga (Tourra), eta bi Uefa Kopa (Vuelta) jokatu ditut, baina behin bakarrik aritu naiz etxeko itzuli handienean. Jakin badakit Reala baina maila hobean ariko naizela, baina nire helburua Osasunaren pare aritzea izango da.Azken urteetako itzulirik gogorrena dela esatera ausartuko nintzateke. Aldaketa nabarmen bakarra seigarren etapa izango da, orain arte bosgarrenak izaten zituen bi atalak bi egunetan egitea nahitaezkoa izango baita hemendik aurrera. Duda izpirik gabe, txirrindulariok pozik hartuko dugun aldaketa da hori. Bi sektoreko etapan, egun osoan kulotea erantzi gabe ibiltzeaez da oso atsegina izaten. Hori da Pro-Tour Ligak itzuliari ekarritako berririk baikorrena. Alaves zaleak Pitermanekin pozik ez dauden moduan, txirrindulariok ere gure liskarrak izaten ditugu antolakuntzekin. Nire lagunak diren arren, Euskal Herriko itzuliko antolakuntzak ere kritika txiki bat merezi du. Errepideen egoera ez da onena eta bigarren etapako perfila ikuste hutsak beldurra sortzen du! Irunen, lehen etapan, Erlaitzek eta Jaizkibelek txirrindulari bakoitza bere tokian jarriko du. Norbera bere lekuan jarrita joango gara Goierrira, onddo bila. Jende asko galduko da han bertako basoetan barrena. Zenbaitzuk, gainera, denbora asko gal dezakete Segurako helmugan, amanita muskaria bat jaten badute, eta aldez aurretik hartu etxerako bidea. Despistaturen bat denbora galdu gabe balego, oraindik ere izango luke minutu batzuk galtzeko arriskua Lerin eta Gasteizko bideetan, eta hala balitz, finalerako txartela galdu. BECeko finalisten izenak berriz Zallako etapak emango dizkigu, baina aurtengo Andoni Egaña zein den jakiteko erlojupekoari itxaron beharko diogu. Aurten, gainera, inoiz baino ibilbide luzeagoa izango da, etaespezialista petoentzat aproposa.Finalisten izenak jakinda ere, ni behintzat ez nintzen Eulate-Irujo edo Oier-Aimar bikoteen arteko apustua egiteko gai izan. Zer esanik ez tropelak 200 txirrindulari izango dituela jakinda, eta estatistikak dioen moduan, irabazlea asmatzeko probabilitatea asko murrizten dela. Hori izan ohi da urtero Itzuliaren ezaugarri nagusia: garailea asmatzeko zailtasuna.Niri dagokidanez, ziurta dezakedan gauza bakarra, hauxe: ez dela su-etenik egongo!
ITZULIAREN ITZULIA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA. Ez da su-etenik egongo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu