Ez du oroitzapen onik Bera Berak Errusiako taldeen aurka jokatutako kanporaketez. Ez da gutxiagorako, Donostiako taldeak hiru aldiz izan baitu aurkari Errusiako talderen bat Europako lehiaketa batean eta beti geratu baita aurrera egin ezinik. Krasnodar, Astrakhan eta Rostov-Don izan zituzten borrero. Hori bai, kanporaketa horiek guztiek eman zuten zeresanik, epaileek errusiarren alde egin baitzuten, lotsagabe.
Ez da harritzekoa, beraz, Bera Berako kideak mesfidati egotea gaur Togliattin (Errusia) Ladaren aurka jokatu beharreko EHF kopako final-zortzirenetako joanekoan epaileek zer egingo ote duten, are gehiago epaileakZiprekoak edo eskubaloian inolako ohiturarik ez duen herrialde batekoak direla kontuan hartuta.
Epaileek euren lana ondo egin arren ere, zaila izango da donostiarrek irabaztea. Zergatik? Lada talde indartsua delako. Azken urteetan etxean behera egin duen arren, jokalari bikainak ditu. Datu bat: Ladako jokalariak ziren iazko abenduan Brasilen jokatutako Munduko Txapelketan parte hartu zuen Errusiako selekzioko gehienak, zazpi guztira. Hala, garaipenaren zailtasunaz jabetuta, gutxienez datorren larunbatean Donostian jokatuko den itzuliko partidarako emaitza on bat lortzen saiatuko da Bera Bera. Eskura du, sasoi betean baitago, eta konfiantzaz lepo.
LADA-BERA BERA
Txapelketa. EHF kopako final-zortzirenetako joanekoa.
Lada Togliatti. Erokhina, Sidorova, Basarab, Kolokoltseva, Gorxkova, J. Zhilinskaite, Klimova, Smirnova, Garanina, Xipilova, Davidenko, V. Zhilinskaite, Marennikova, Txernoivanenko, Gorxenina eta Muravieva.
Bera Bera. Zogby, Rodriguez, Carvalho, Rubio, Cuña, Arizaga, Menendez, Punko, ALtuna, Mena, Eli Pinedo, Ziarsolo, Berta, Campa eta Bea Fernandez.
Epaileak. Argyridis eta Mouttas (Zipre).
Lekua. Togliattiko olinpiar pabiloia (2.500 ikusle).
Ordua. 14:00.
Itzulikorako balio diezaiokeen emaitza bat lortu nahi du Bera Berak Errusian
Epaileek Ladako zaleen presioari men ez egitea espero dute Donostiako taldeko kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu