Hotza, tristea eta txarra. Halakoxea izan zen atzo Labriten jokatu zen partida. Hotza, apenas egon zelako zaleek ikusteko moduko tanto borrokaturik; tristea, 311 pilotakada soilik jo zirelako 38 minutuan; eta txarra, Gonzalezek eta Laskurainek ez zutelako batere ongi jokatu. Erraztasun handiak eman zituzten galtzaileek, eta Irujok eta Merino II.ak eroso irabazi zuten, uste baino erosoago. Hasieratik jaun eta jabe izan ziren. Abantaila handia lortu zuten, eta euren lana txukun eginda, ligaxkako bigarren puntua lortu zuten. Bi jardunaldi min hartuta egon ondoren, gustura egoteko moduko itzulera izan zuen Irujok.
Lehenengo tantotik erakutsi zuen Iberokoak eskuin eskua erabat osatuta itzuli zela eta jokatzeko zegoela. Hori bai, ikara apur batekin aritu zen norgehiagoka guztian, eskua babesten saiatu baitzen. Erasoan aritzeko ezkerra erabili zuen gehienbat, eta eskuinez jo zuenean abiadura gutxiago eman zion pilotari. Hala ere, ongi bihurritu zuen pilota ezker paretera, eta min egin zien aurkariei. Zalantzarik gabe, partida egokia hautatu zuen Irujok txapelketara itzultzeko.
Hasiera elektrikoa egin zuen, bikaina. Aurkariak esnatzerako 9-1 ziren aurretik gorriak, eta aurrelariak mota guztietako tantoak egin zituen. Gantxoz zein boleaz ongi atera zitzaion guztia, eta Gonzalez erotu egin zuen aurreko koadroetan. Sarri esan izan da Azkaingoa bera dela Irujorentzat aurkaririk txarrenetako bat, baina atzokoan ez zen hala izan. Ederki jakin izan zuen nola jokatu Iberokoak, baina egiari zor Gonzalezek ere ez zuen bere eguna izan. Meriturik ezin zaio kendu, baina, txapeldunari, partida biribila egin baitzuen. 12 tanto egin eta bi bakarrik galdu.
Hasieran lortutako aldeari ongi eutsi zioten irabazleek, inolako estutasunik pasatu gabe. Eta laukoteko onena Irujo izan bazen ere, Merino II.aren lana, beste behin, ez dago aipatu gabe uzterik. Atzo aurreko bi partidetan baino protagonismo gutxiago izan zuen, egungo txapeldunarekin jokatu zuelako, baina bere lana ederki asko bete zuen. Pilota abiadura bizian ateratzen zaio bi eskuetatik, eta frontisetik osourrun jartzen du. Labriten ere bizkarra erakutsi zion gehienetan Laskuraini, eta pilota bakar bat galdu zuen. Aurrelariari konfiantza handia ematen dio, eta behetik gora doa txapelketan.
Gonzalezek eta Laskurainek, berriz, ez zuten ondo jokatu. Oraindik ez dute puntu alerik lortu, eta horrek zerbait adierazi nahi du. Aurreko hiru partidetan, hala ere, atzo baino itxura hobea eman zuten, Laskurainek bereziki, emaitzak erakusten dutenez. Atzo biak aritu ziren oker, euren onetik aterata. Burua beste nonbait zeukatela ematen zuen, erabat kontzentrazioa galduta jokatu baitzuten. Azken txanpan eman zuten itxurarik onena, dena erabat galduta zeukatenean. Gonzalezek hiru tanto eder egin zituen, eta amaierako emaitza itxuratzeko balio izan zien.
Laugarren partida jokatuta, irabazi gabe jarraitzen dute iazko txapeldunordeek. Eurena da txapelketan irabaztea zer den ez dakien bikote bakarra. Ligaxka luzea dela bai, baina zerbait egin nahi badute, hobe dute partidak irabazten hastea. Irujok eta Merino II.ak, berriz, bigarren aldiz irabazi zuten, eta sailkapenaren erdialdean jarri dira. Atzo bezala jokatzen badute, aukera asko izango dute finalerdietan sartzeko.
Gaur, Eibarren
Xalak eta Barriolak neurketarik galdu gabe jarraitzen dute, atzo, Irunen, Titin III.a eta Pascual 22-12 menderatu ostean. Partida ona egin zuten irabazleek, eta jokatu ahala hobera doazela erakutsi zuten. Gaur, berriz, Asegarceko bi bikoteren txanda izango da Eibarren (17:00, ETB1): Berasaluze VIII.ak eta Apraizek Bengoetxea VI.aren eta Ruizen kontra jokatuko dute. Jardunaldiko azken partida bihar jokatuko da, Beotibar pilotalekuan, Tolosan (16:30).
Itzultzeko modu onena
Irujok eta Merino II.ak eroso irabazi diete Gonzalez eta Laskuraini, eta ligaxkako bigarren puntua lortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu