Itzulerako bidaia hasi dute gaur arratsaldean hiru mendizaleek. Aurretik, ordea, oinarrizko kanpalekutik hitz egin dute, atzo egundokoa lortu ostean. Iñurrategik argi eta garbi adierazi du zein diren bidearen zailtasunaren bi aldeak: "Sentipen nahasiak ditut: batetik, izugarrizko betetasuna sentitzen dut, eta, alde horretatik, oso gustura nago; bestetik, baina, berriro ez egiteko moduko gauza bat izan dela ere sentitzen dut, arriskuagatik. Muturrean ibili gara oso".
Bideoa: igoeraren irudiak (WOPeak espedizioa)
[YouTube]http://youtu.be/vnQ8OVMiMTQ[/YouTube]
Iñurratetirekin batera, Mikel Zabalzak igo zuen Paiju Peakeko hego aurpegiko dorreko bide osoa. "Argazki batetik sortu zen amets bat izan da. Sugarra piztu zuen argazki horrek, eta, azkenean, bi espedizioren ondoren, lortu dugu helburua. Oso pozik gaude lortutakoarekin".
Juan Vallejok ezin izan zuen bide osoa igo, istripu baten ondorioz, eta azken luzean kanpalekuan geratu behar izan zuen. Baina adierazi du bera ere oso gustura dagoela. "Bihotza zatituta daukat: oso-oso pozik nago espedizioa amaitu eta Paijuko hego aurpegia egin dugulako, baina, bestetik, triste ere banago, azken metroak ezin izan ditudalako egin. Eskalada bidea amaitutakoan bidea amaitu dela dirudi, baina niri beti gustatzen zait tontorrera igotzea".
Bigarrenean, bai
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza atzo eguerdian iritsi ziren oinarrizko kanpalekura, eskalada alpinoaren historian sartu ostean. Paiju Peaken hego aurpegiko dorrea zabaltzea lortu dute, eta hamar egunetan lortu dute balentria. "Hamar eta hamabi ordu egin ditugu egunero. Teknikoki oso bide zaila da: eskalada artifizialean 3rainoko tarteak aurkitu ditugu, librean 6brainokoak, eta 5erainokoak mistoan".