kirola

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak lortu dute Antartika gurutzatzea

Aurreikusi baino bi aste lehenago lortu dute 3.500 kilometroko zeharkaldia egitea. Orain arte zortzi lagunek baino ez zuten egina. "Oso gogorra izan da".

2012ko urtarrilaren 9a
19:02
Entzun

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzak lortu dute Antartika mutur batetik bestera gurutzatzea, gaur arratsaldean jakin denez. Azaroaren 15ean ekin zioten 3.500 kilometroko ibilaldiari, eta gaurkoa 55. eguna zuten. Aurreikusi baino bi aste lehenago lortu dute helburua. "Oso gogorra izan da", esan dute.

Antartika hego polotik igaroz zeharkatu dute —hego polora abenduaren 29an heldu ziren—. Orain arte zortzi lagunek baino ez zuten tankera horretako zeharkaldia egina inolako laguntzarik gabe.

Gaur 69 kilometro egin behar zituzten Herculesko badiara iristeko eta, haize baldintza onak iragarrita zeuden arren, ez dute jardunaldi gozoa izan. "Goizeko bostetan atera gara, falta zitzaigun bidea azkar egingo genuelakoan, baina goizean haizeak behera egin du eta geratu behar izan dugu. Azken kilometroak oinez egin ditugu", adierazi dute. Euskal Herrian arratsaldeko hirurak zirela itsasoaren mailan zeuden, Herculesko badian. Hegazkin txiki bat hartuko dute han, bueltarako bidaiari ekiteko.

Espedizioan 170 kilo inguruko leratxo bat eraman du bakoitzak. Horiek haizearekin bultzatzeko hiru kometa eraman dituzte; sei, zortzi eta hamabi metrokoak, hurrenez hurren.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak Ronald Admunsenen espedizioaren mendeurrena omendu nahi izan dute, hura izan baitzen kontinente izoztua gurutzatu zuen lehena, 1911ko abenduan. 

Iazko udaberrian Groenlandia gurutzatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.